argia.eus
INPRIMATU
Bide berriak bilatzen
Joxi Ubeda Goikoetxea 2019ko irailaren 17a
"A Tuti Plain" | A Tuti Plain | Autoekoizpena, 2019

Soraluzen 2016an sortutako taldea da A Tuti Plain, eta izenaren esanahiak taldearen izaera ez adierazi arren, izenak –italieraren eta ingelesaren nahasketa– apur bat erakusten du taldeak egiten duena. Haien kantetan rock doinuak nagusi diren arren, pop, grunge, metal, rap eta funky estiloen ukituak suma baitaitezke. Azken batean, hainbat estilo edo musika mota nahasten dituzte, indarrarekin, grinarekin eta bizitasunarekin.

Izan ere, taldekideen hitzetan, taldea hasieratik “esperimentaziorako gune bezala” hartu dute. “Musika estilo jakin batean harrapatu gabe, iturri ezberdinetatik edaten duena. Oraindik soinua erabat definitu gabe duen taldea da, etengabe bide berriak bilatzen ari dena”.

Mezuak kritikoak dira, eta ezkorrak diruditen arren, alde positiboa badute. Argia bilatzen saiatzen baitira iluntasunean, argi izpi batzuk, bederen: “Galdu edo irabazi, nahi bezala bizi; segi argi izpiak, itxi zauriak” (Zauriak), “Dena galduta dagoela dirudi; itzalaren menpe ez al da lekurik? Bideak egiten nau ni” (Itzalaren menpe), “Orduak egun bilakatu dira, segundoka erotu, ikus ditzagun argi izpiak, hain urrun” (Beste behin).

Ina Peñalba (gitarra, ahotsa), Joseba Mendizabal (gitarra), Jondar Plata (baxua) eta Gotzon Elizburu (bateria, koruak) dira taldekideak. Gazteak dira, eta Gotzon da haien artean eskarmentu handiena duena, Junzai Txetxera taldean abeslari moduan aritua baita. Hiru urte dira A Tuti Plain sortu zutela, eta urte eta erdi inguru gaur egungo lau taldekideak elkarrekin jotzen hasi zirela.
Walter Tuzzeo soinu teknikariarekin aritu dira kantak grabatzen Eibarko Legarre estudioan. Halaber, Walterrek berak teklatuak jo ditu eta koruak ere egin ditu grabazio saioetan, Katxo (Polo Opuesto) Itzalaren Menpe kantan aritu da abeslari moduan eta taldekideen beste zenbait lagun ere aritu dira koruak egiten: Oier, Maitane eta Idurre.

A Tuti Plain taldekoak urtebete inguruan aritu dira kantak prestatzen eta grabatzen, jendaurreko emanaldirik egin gabe, eta lehen saioa ekainaren amaieran egin zuten Donostiako Dabadaba aretoan. Geroztik, beren herriko jaietan ere jo dute, eta beste toki batzuetan ere ariko direla espero dugu.