Herri borroken historiako pasarte bat egunero

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Efemerideen urtea izango da 2020a. Edo bai, behintzat, 2020rako Argiak plazaratuko duen egutegia.
Laster hogeita hamar urte beteko ditu Argiaren egutegi “tako” historiko honek, eta aurten indar berezia jarri dute prestaketan. “Iraganarekiko lotura ez galtzeko ahalegina” izan dela esan dit Lander Arbelaitz lantaldeko kideak. “Zer esan nahi du horrek?” galdetu diot, esaldi poetiko horrek oinarrian duena jakin nahirik. “Aurten edukien formula aldatu dugu eta orri bakoitzean topatuko dugu egun horretan historian izandako gertakizun baten berri. Egun bakoitzeko efemeride bat bildu dugu”, erantzun dit.

Historia idatzita gera dadin

Idatzita eta ondorengoei transmitituta. Euskal Herriko zein nazioarteko gertakarien bilduma da. Iragana ez ahazten laguntzeko erreminta. Errebindikatzeko tresna den bezalaxe. Garabi eta hondeamakina handiek beren historia kontatzen badute zergatik ez guk aitzur eta sarde txikiekin gurea kontatu?

“Gaurko egunez…” formularekin hasten diren testuokin gogoraraziko dugu adibidez, Mexikon Zapatistak altxa zirela urteko lehen egunean, edo urtarrilaren 8an Euskal Herriko Laborantza Ganbarak hamabost urte beteko dituela, oroituko ditugu Euskal Herriko eta munduko lehen manifestazio feministak, ekimen desobedienteak eta langileen eskubideak lortzeko orduan gakoak izan diren gertakariak; errepasatuko ditugu dagozkien egunetan Euskal Herrian Lemoizko zentral nuklearraren aurka egindako protestak, Nafarroako Erresuma gaztelarrek konkistatu zutenean egin zituztenak, 1936ko gerraren ostean frankistek euskaldunei eta euskarari egindako erasoak, baita protesta berriagoak ere, izan atxiloketen aurkako herri harresiak edo nazioartean inperioek batean eta bestean egin dituzten izugarrikeriak bezala, herritarrek emandako erantzunak. Egutegiak erakutsiko dizkigun gaiak asko dira: ekologia, feminismoa, euskararen historia, kultura, internazionalismoa, langile borrokak…

Ezinezkoa da, noski, egutegi honetan historiako pasarte guztiak biltzea, eta zirriborroetan geratu dira horietako asko; ez besteak baino garrantzia gutxiago zutelako. Baina Argiako lantaldeak esfortzu berezia egin du aurten egutegi erakargarria egin eta produktuari indar handiagoa emateko. Bereziki lan handia, testuak idatzi dituen Xabier Burgañak egin duena.

2020ko ARGIAren egutegia erosteko

Salgai dago ARGIAren Azokan 9 euroan. Orain eskaera egin, eta inprentatik jaso orduko bidaliko dizugu etxera, iraila amaieran.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA