argia.eus
INPRIMATU
Sortzaile profesionalik gabeko euskal kultura?
Gotzon Barandiaran Arteaga @gotzonbarandi 2019ko uztailaren 02a

Hogeita bost urteko ibilbideagatik, euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpenagatik, euskal jendartean duen eraginagatik zein nazioartean lortutako oihartzun izugarriagatik saritu duten egunean argitaratu da egunkari bateko lerro-buruan musikari profesionalaren aldarria: “Oraindik ez dugu musikaria langile bezala tratatzen”.

Bere sormen lanetik bizitzeko aukera duen bakarrenetako baten aierua da. Gure herria bere sortzaileei eta bere kulturgintzari bizkar emanda bizi dela islatzen duen pisuzko beste adibide bat. Idaztetik, kantagintzatik, bertsotan egitetik, aktuatzetik, margotzetik, dantzatzetik bizi nahi duenak ez du aukerarik merezi? Amateurismoaren zilegitasunaren, duintasunaren eta kalitatearen aldeko aitortza eginik, ukatu egingo diogu gure kulturari sortzaile profesionalak izateko aukera?

Baina gaur, orain eta hemen, egoerak nabarmen egin du okerrera. Lanbide gero eta gehiagotan pairatzen dugun prekarietatea salatzen duten ezkerreko alderdi politiko zein eragile sozialentzat, kulturgintzan ari garenon prekarietate endemikoa ikusezina da

Orainaz ari naiz eta 2050az. Ezen, konponbide estrategikorik adostu ezean, hogeita hamar urte barru litekeena baita euskal kulturak sortzaile profesionalik ez izatea. Ez soilik baina batez ere euskara langai dugun sortzaileon etorkizunaz ari naiz. Izango da, agian, Musikenen ikasketak amaitu eta bizimodua Bartzelonan aterako duenik, izango da, apika, Dantzertiko lezioei Hamburgoko ballet konpainiaren batekin taularatuz errenta aterako dienik. Baina euskaraz idaztetik, antzeztetik edota kantatzetik bizitzeko aukera izango duenik? Berriz diogu, euskal kulturaren erronka nagusiena gaur, orain eta hemen zaleak sortzea da eta zaleak sortzeko ekosistema legez jokatzea proposatzen dugu: zaleek, sortzaileek, antolatzaileek (herri ekimenekoek, publikoek, industriakoek), kazetariek eta hezitzaileek (hezkuntza arautukoek, ez-arautukoek, gurasoek). Ekosistema horretan guztiok gara ezinbesteko, sortzaileok, zer esanik ez.

Bizitza laborala sorkuntzari emanak bideratzeko hautua egin zuten aurreko belaunaldikoek maiz gogorarazten digute ez dutela prekarietatea besterik ezagutu. Bizi izan zituztela urte batzuk, zeintzuetan euskaldunek euren kulturari erreparatzen zioten ingurukoei baino gehiago, zeintzuetan bertoko antolatzaileek bertoko ekoizpena lehenesten zuten, zeintzuetan erakunde publikoetan kulturarekiko ardurak zituzten politikariek euskarazko kulturgintza hobesten zuten. Baina gaur, orain eta hemen, egoerak nabarmen egin du okerrera. Lanbide gero eta gehiagotan pairatzen dugun prekarietatea salatzen duten ezkerreko alderdi politiko zein eragile sozialentzat, kulturgintzan ari garenon prekarietate endemikoa ikusezina da.

Horregatik ez dugu, berbarako, Euskal Artisten Estatuturik, horregatik ez dugu, adibidez, Euskal Kulturaren Legerik. Urteak egiten eta aldarrikatzen, ekiten eta proposatzen ari garen euskararen langile autonomoak elkartzen hasi gara. Langiletzat har gaitzazuen. Ez gara lehenak, gure aurretik izan ziren Lasturko Milia, Asteasuko eta Segurako itsuak beren gitarrekin, Asteasuko eta Segurako itsuen emazteak beren panderoekin, Etxahun, Iparragirre, Bilintx, Maria Luisa Petriarena, Txirrita, Mendaro Txirristaka, Orixe, Errose Bustintza, Inazia Zabalo, Rikardo Arregi, Xabier Lete, Elgeta, Maurizia, Gabriel Aresti aldian aldiko euskararen langile autonomoak izan ziren. Halakoak zirelako kontzientzia handirik gabe, seguruenik, gehienak. Baina denak ere inolako aitortza profesionalik gabe bizitakoak: alprojak, alferrak, arloteak, neskabanderak, bardoak, artistak, poetak. Haien ondorengoak gara. Izango ahal dugu guk ondorengorik.