argia.eus
INPRIMATU
Chernobylenak
BeƱat Sarasola @bsarasola 2019ko uztailaren 02a

Ez da hilabete telebistako Chernobyl seriea bukatu dela, eta dagoeneko badirudi hari buruz esan zitekeen guztia esana dagoela. Hitz egin da seriean erabilitako hizkuntzaz (ingelesa, errusiera beharrean), hitz egin da Sobietar Batasunaren sistema politiko autoritarioaren inefikaziaz (Iñigo Errejon), eta dagoeneko, turistak zentral malapartatua zegoen lekura hasi omen dira ailegatzen selfieak ateratzera. Ez da baztertzekoa laster haietakoren bat erradioaktibitateak jota osasun arazoak edukitzea, baina osasunak baino gehiago balio du, esan gabe doa, norbere buruaren aupatze publikoak.

Niri deigarri egin zaidana hauxe da: historiako desastre handienetako batean nola egin zuten askok eta askok ezer gertatuko ez balitz bezala, nola inor ez zen histeriak jota ibili, “lasai, ez da ezer gertatzen” esan eta hori sinetsita performatzeak, errealitatean benetan ezer ez gertatzea eragingo balu bezala. Egia esan, egungo gure gizartetik, non, edozein ezusteko leunen aurrean, alarma laranja, gorri eta gorri-gorriak izendatzen diren, txunditzekoa iruditzen zait gizarte oso baten pose hieratiko hori.