argia.eus
INPRIMATU
Gure industria militarra birmoldatu behar da
  • Europako Parlamenturako hauteskunde garaia igaro da eta inork ez du industria militarrari buruzko aipamenik egin, ezkerreko alderdiek ere ez, nahiz eta Europar Batasuna bultzatzen ari den ejertzitoaren atzean hori egon.

Juan Mari Arregi 2019ko ekainaren 04a

Legegintzaldi honen lehentasunetako bat gudaroste hori osatzea izango da, duela gutxi txoko honetan genioenez. Milioika errefuxiaturen ihesa eragiten ari diren gerren atzean ere industria militarra dago –asko Euskal Herrira iristen ari dira–. Industria horrek Europan 284.000 milioi dolar gastatu zituen 2018an.

Joan den astean Gasteizen egin bezala, kolektibo sozial xumeek gogorarazi dute Euskal Herrian ehundik gora enpresa ari direla beren produkzio osoa erabilera militarrerako bideratzen, eta Saudi Arabia, Turkia, Israel, Egipto eta antzeko herrialdeetara bidaltzen dituztela armak. Instituzioek utzi behar liokete industriari ospea emateari, “heriotzaren tratulariei” baino ez baitiete mesede egiten, kapitalismoaren adierazgarri. Alderdi politikoek, bizitza defendatzen badute eta ezkerrekoak direla badiote, presionatu beharko lukete armen lasterketa amaitzeko, ondorio hilgarriak baitauzka milioika lagunentzako.

Antimilitaristek diote lanerako daukagun eskubideak ezin duela egon pertsonen bizitzeko eta aske izateko eskubidearen gainetik. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak industria militarra birmoldatzeko prozesua hasi behar lukete, sektoreak soilik erabilera zibilerako diren materialak ekoitzi ditzan. Eta bide batez, gerratik ihesi datorren jende guztia modu eraginkor batez lagundu behar lukete erakundeok: “Gure lehergailuak haien exodoaren erantzule badira, aterpea izango duten hiri eta herriak eraikitzeko betebeharra daukagu”