argia.eus
INPRIMATU
Futbolina, poesia eta anarkismoa
  • Finisterre, Galizia, 1919ko maiatzaren 6a. Alexandre Campos Ramirez poeta, asmatzaile eta editore anarkista jaio zen; jaioterria zela-eta Alejandro Finisterre (galegoz, Alexandre Fisterra) esango zioten.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2019ko maiatzaren 15a

15 urte zituela joan zen Madrilera ikastera. Hantxe ezagutu zuen León Felipe (1884-1968) poeta eta harekin batera Paso a la juventud aldizkaria sortu zuen. Eta hantxe harrapatu zuen Espainiako Gerra Zibilak. 1936ko azaroko bonbardaketetan hondakinen artean harrapatuta geratu zen eta Montserrateko ospitaleraino eraman zuten larriki zauritua. Han, osatu bitartean, futbolean aritu ezin zuten haur zaurituak ikusita eta mahai-tenisa inspirazio iturri hartuta, mahai-futbola asmatzea bururatu zitzaion. Francisco Javier Altuna euskal arotzak gauzatu zuen ideia pinu egurra eta altzairuzko barrak erabiliz, eta, hala, lehen futbolina sortu zuten.

Beste ekintzaile anarkista baten aholkuz, diseinu hura patentatu zuen Finisterrek Bartzelonan, 1937ko urtarrilean. Horrekin batera beste asmakizun bat ere patentatu zuen: pianojole batekin maiteminduta zegoen eta harentzat oinekin partituren orriak pasatzeko gailua egin zuen.

Frankistek gerra irabazi zutenean, Pirinioak oinez zeharkatu eta Frantziara joan zen ihesi. Bidean futbolinaren patentea galdu omen zuen. Baina partitura-orriak pasatzeko gailuarekin diru pixka bat biltzea lortu zuen Parisen eta, hala, 1948an Ekuadorrera joateko aukera izan zuen. Lau urtez bizi izan zen Quiton eta, besteak beste, Ecuador 0º, 0’, 0’’ poesia aldizkaria sortu zuen. 1952an Guatemalara joan zen, artean Espainiako Errepublikaren gobernua zilegitzat zuen herrialde bakanetakoa. Espainiako enbaxada errepublikarretik Mexikora isilpeko dokumentuak eramaten aritu zen. Eta futbolinak fabrikatzen eta saltzen ere arrakasta lortu zuen.

Baina 1954an, AEBek babestuta, estatu kolpea jo zuen Carlos Castillo Armas koronelak Guatemalan. Finisterre atxilotu eta agente frankistek hegazkin batean sartu zuten Espainiara bidean. Hegazkineko komunean lehergailu bat “asmatu” zuen xaboi-pastilla bat aluminiozko paperetan bilduta. Lehergailu faltsu harekin mehatxatu arren, hitzez konbentzitu omen zituen tripulazioa eta bidaiariak. Hegazkina Panamara desbideratu eta hantxe lurreratu zen galiziarra. Futbolinean ez ezik hegazkinen bahiketan ere aitzindari izan zen.

Hurrengo urteak Mexikon eman zituen. Besteak beste, Editorial Finisterre Impresora sortu zuen eta Galeusca aldizkariaren faksimile bat ere argitaratu zuen.

Franco hil ondoren itzuli zen Espainiara eta harrituta ikusi zuen futbolina oso zabaldua zegoela; baina aitortzarik eta sosik ez zuen ikusi orduan. Aitortza geroago iritsiko zitzaion. 2007ko otsailaren 9aren biharamunean egunkariek “futbolinaren asmatzailea” hil zela jakinarazi zuten.