argia.eus
INPRIMATU
GAIZKI ERRANKA
Txioa
  • Kataluniako preso politikoen kontrako epaiketan, irain klasikoekin batera bertzelako laidoak aipatu dituzte poliziek, iazko urrian giro larderiatsua nagusi zela erakusteko: “Votarem” oihu egiten zigun jendeak. Nik dakidala, inork ez die poliziei gogorarazi bozkatzeko asmoa adieraztea ez dela iraina.

Santi Leoné @ororostorm 2019ko maiatzaren 08a

Votarem” irain gisa sailkatu izanak ez du, berriz diot, nik dakidala, komentario handirik ekarri hedabideetan. Beharbada hori ez da hain arraroa, pentsatzen badugu, nik pentsatzen dudan bezala, oraindik martxan dagoen epaiketaren helburua independentismoa kriminalizatzea dela, berez gaitzesgarria dela independentista izatea eta “Espainia hausteko asmoz” bozkatu nahi izatea.

Egun hauetan, irratia edo telebista piztu eta “supremazista”, “arrazista” eta “fanatikoa” bertzerik ez da aditzen. Núria de Gispert politikari katalanak zerriak deitu die txio batean lau arerio politikori –Arrimadasi, Girautari, Montserrati eta Millori–. Horixe da independentismoaren egiazko izaera, erran dute aho batez tertulietan. Hor ditugu egunero Herrera, Jiménez Losantos, Sostres edo Inda bezalakoen ahotik ateratzen diren loreak, baina mintzagaia Gisperten txioa da, ez omen baita pertsona baten txio desegokia, independentismo osoaren izaeraren adierazgarri baizik. Beharbada hori ez da hain arraroa..., tira, esaldia arestian idatzi dut, azken paragrafoaren akaberan.

Ez du hain sona handia izan, baina Hauteskunde Batzordeak isuna jarri dio Tv3-i presoen inguruko dokumental bat hauteskunde garaian emateagatik. Nonbait, independentismoari botoak ematen dizkio errealitatea erakusteak –Batzordeak ez du zehazki horrela justifikatu bere erabakia, interpretazio librea egin dut–. Baina erabaki horrek, Gisperten txioak ez bezala, ez du ezeren –adibidez, demokrazia jakin baten– egiazko izaera erakusten.