argia.eus
INPRIMATU
Badatoz Iruñeko eskola baratzeen lehen topaketak
Garazi Zabaleta 2019ko maiatzaren 13a
Irudia: Maitane Gartziandia.
Irudia: Maitane Gartziandia.

Maiatzaren 16an Iruñeko Ingurumen Heziketarako Museoan eginen dituzte hiriburuko eskola baratzeen arteko lehen topaketak. Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle nahiz ikasleei zuzenduta dago ekimena, eta eskola baratzeen udal programako parte diren ikastetxeei ez ezik, Iruñerriko nahiz kanpoko beste eskolei ere zabaldu diete gonbidapena. “Ekimen xumea izanen da, horrelako zerbait antolatzen dugun lehen aldia baita”, azaldu du Gurutze Santxo Iruñeko Ingurumen Heziketarako lantaldeko teknikariak.

Besteen esperientzietatik ikasiz

“Iruñeko eskola baratzeen proiektuak bigarren ikasturtea egin duela-eta, garrantzitsua iruditzen zitzaigun ikastetxe horientzat nahiz proiektutik kanpokoentzat esperientziak trukatzeko gunea irekitzea”, dio Santxok. Topaketen helburu nagusia da batzuen eta besteen bizipenetatik ikasten joatea eta ideiak biltzea. Ikasleek eta irakasleek talde bereizietan eginen dute lan dinamikaren hasieran, ondoren ateratako ideiak guztien artean partekatzeko.

“Aberasgarria da beste ikastetxe batean zertan ari diren ezagutzea, zerk funtzionatzen duen edota zein zailtasun izan dituzten”, azaldu du teknikariak. Izan ere, eskola baratzeek haurren ikasketa prozesuari ekarpen handia egiten diotela konbentzituta daude proiektuaren bultzatzaileak, baina sarritan baratzeak eskolan ematen dituen aukera guztiak ez direla ezagutzen ezta aprobetxatzen uste dute. Aukera zabal horietan sakontzea dute erronka, baratzeoi zukua ateratzea.

Udaletik bultzatutako programa

Iaz jarri zuten martxan Iruñeko eskola baratzeen programa. Lehenagotik ere hiriko zenbait ikastetxek baratzeak martxan eduki arren, Udalak eskola berriei eskaintza egin zien orduan: bi ikastetxerekin esperientzi pilotua jarri zuten martxan iaz, eta arrakasta ikusita, aurtengo ikasturterako deialdia zabaldu eta beste lau ikastetxe batu dira proiektura: Errotxapeako eta Sanduzelaiko ikastetxe publikoak izan ziren lehenengo biak, eta Doña Mayor, García Galdeano, Mendillorri eta Mendigoitikoak ondoren sartu direnak.

Eskola baratzeak ingurumen heziketa haurrekin lantzeko baliabide direla dio Santxok: naturarekin esperientzia positiboa izatea da eman beharreko lehen pausoa. Horrez gain, eduki asko lantzeko aukera ematen du baratzeak: biologia, matematika, hizkuntzak… “Gainera, kontuan izanda ikastetxe askotan patio guztia hormigoizkoa dela, baratzeok badira ikastetxeak atseginagoak egiteko modu bat ere”, gehitu du.