argia.eus
INPRIMATU
Sendagileen zuhaitz kontuak
Jakoba Errekondo 2019ko maiatzaren 03a

Zuhaitzak hirietan. Jendea pilatuta eta bizi baldintza txar edo oso txarretan bizi diren tokietan zuhaitzak ere ez dira bikaintasun betean biziko, baina lagunen aldean ederki moldatuko dira. Lurrean denetik aurkituko dute: eraikuntza materialen hondakinak, produktu kimikoen salda deskribaezinak, birfosilizatzen ari den petrolioa, gure arnasketa eta elikadura kutsatuak laburbiltzen dituzten ur zikinak eta abar. Eta airean, zer esanik ez: autoen eta etxeen eta lantegien ke beltz jasa, erraustegien kebideetako ke adar hiltzailea eta abar.

Zuhaitzak izorratuko ditugu, baina geu hil egingo gara. Horixe da paronama. Beltzik gorriena. Gure hiri zatar horietan biximodua eramaten duten lagunen iraunmodua hobetze aldera, zuhaitzak landatzea oso eraginkorra dela dio gero eta jende gehiagok. Gure osasunerako zuhaitzak onak direla esan beharra ere! Alkate, zinegotzi, urbanista eta horrelako ugarik behar dute. Errepikapenaren errepikapenaz, errepikapenaren errepikapenaz sartzen zaie. Eta hirietan kontuhartzaileek eta soilik zenbakiak ikusten dituzten era guztietako teknikariek hagintzen dutenez... Zuhaitzek ez beste gauza guztiek dute munta. Zenbatu daitezkeenak, zenbaki zurbiletara eraman daitezkeenak. Adi! Gainontzean kontuz ibili, izan ere kontuhartzaileak kontuhartzailetza bulegoko kontuhartzailearen besaulki erosotik kontuak hartuko dizkigu. Bada orain zenbakitara eramaten ari dira osasunaren kontu horiek. Diote hirietan urtero biztanleko 5 euro inguruko inbertsioa eginez ikaragarri hobetuko litzatekeela zuhaitzen egoera. Eta noski hiritarrena. Hona errepikapenaren pleonasmoa hauteskunde aurre honetan: zuhaitz sanoak boto-emailearen osasuna hobetzen du.

Egunen batean zientzialariek neurriak hartu eta neurtuko dituzte eta zenbakien diktaduraren aktetan jarriko dituzte noraino onak diren zuhaitzak boz emaileen osasun fisikorako, eta zenbateraino onak diren zuhaitzak hauteslearen osasun mentalerako. Orduan, diruaren eraginkortasunaz hitz egiten dugunean, baldin eta ganorako jendea bada hagintean, gizarte segurantzak, Osakidetzak, Osasunbideak edo dena delakoak izango du hirietako zuhaitzen gaineko eskuduntza. Eta arduratuko gara. Zenbat zuhaitz dituzue buruko zure hiriko ondare inbentarioan? Zenbatsu diru gastatzen da zure herrian zuhaitzen osasunean? Bihar bertan gureko udaletxera noa kontu hartzera, kontuhartzaileari.