argia.eus
INPRIMATU
Enpleguaz irakurriko ez dituzun datuak
Endika Alabort Amundarain @autogestioa 2019ko apirilaren 30

Hauteskunde garai honek hainbat gai mahairatu du. Enplegua ez dago lehenengoen artean. Azpimarragarria da, batez ere populazioaren gehiengoa soldatapekoa denean eta Errezesio Handiaren ondorioak oraindik gainditu ez ditugulako. Bestalde, hurrengo krisiaren zantzuak gero eta agerikoak dira, enpleguan zuzenean eragingo duena.

Errezesioa gainditu ote dugun aztertzeko, sarritan Barne Produktu Gordina kontzeptua erabili ohi da. BPGk, ordea, ez du esaten sortutako aberastasuna nola banatu den. Azterketa hori enpleguaren aldetik egiteak zentzuzkoa dirudi, gizartearen gehiengoak enplegua behar duelako bizirik irauteko. Nolanahi den ere, gobernuek estatistikak helarazten dizkigutenean, sinatutako kontratuen zenbakia azpimarratzen dute, ageriko trikimailua. Magnitude hori erabiltzea ez da praxi ona: gauzatutako lan erreformen ondorioz, langile batek epe zehatz batean duen batez besteko kontratu kopurua handitu da; horrenbestez, kontratu ugari sinatzeak ez du esan nahi langabezian pertsona gutxiago dagoenik. Prekarietatearen adierazgarria izan daiteke, saldu nahi den kontrako irudia. Beste aldetik, langabezia tasa lan merkatuaren termometro gisa ere erabiltzen da, baina erabilera horrek bi kritika nagusi jasaten du. Batetik, ez duela enpleguaren kalitatea neurtzen eta, horren ondorioz langabezia tasa murritzago bat izan dezakegu, lan baldintza okerrago batzuekin. Bestetik, estatistika horietan zer sartzen den eta sartzen ez den langabezia tasa handiago edo txikiago bat definituko du: ikasketak luzatzen dituzten gazteek, enplegu aukerarik ez dagoenez, ez dira langabetu moduan kontuan hartuko; edo langabetu bat “desanimatu” gisa definitzen badugu, horrek langabezia tasa murriztuko du. Nahiz eta estatistikek oso neutralak diruditen, egiten diren definizioetan uste politikoak egon daitezke.

Orduan, enpleguaren egoera aztertzeko beste hurbilketa bat egingo dut, enplegatutako pertsona kopurua erabiliz, Euskal Herri penintsularreko datuak eta 2007-2018 epea aztertuz. Sektore pribatuan, 28.000 kontratu finkodun gizon gutxiago daude, eta 44.000 emakume gehiago. Krisiaren une gogorrenetik (2013) behin-behineko kontratua dutenek 68.000 gehiago dira, 2008ko antzeko mailan dago: 201.500 gizon eta emakume dira.

Errezesioa gainditu ote dugun aztertzeko, sarritan Barne Produktu Gordina kontzeptua erabili ohi da. BPGk, ordea, ez du esaten sortutako aberastasuna
nola banatu den

Sektore publikoari lotutako enpleguen artean, Errezesio Handiko beheraldiaren ostean behin-behinekotasuna handitu da, egoera horretan 48.600 emakume eta 21.400 gizon daude. Prekarietate egoera hori nabariagoa da EAEn, Nafarroan baino. Behin betiko enplegu kopuruak pixka bat gora egin du, baina gaur eta 2010eko datuak alderatuz, gizonen kopurua ia berdina da (57.700) eta emakumeen kopuruak apur bat gora egin du, enplegatuen kopurua 75.200ekoa izanik.

Sektoreka, langile gehiago duen sektorea zerbitzu sektorea da, 34.200 gizon eta 32.000 emakume gehiago. Eraikuntza sektorean 2008an zeuden langileen erdia dago eta nekazaritza sektorearen enplegu gainbehera agerikoa da. Industria da galera handia jasaten jarraitzen duen sektorea, 2008-2018 epean EAEn 31.500 industria langile gutxiago baitago, Nafarroan antzeko mailan mantentzen den bitartean.

Datu horiekin ez dut irakurlea estutu nahi, soilik lan munduaren egoera zein den mahairatu nahi dut, datuak hor daude, elementu gutxi batzuk aztertu ditudan arren. Enpleguaren egoera ez da inondik ere berreskuratu, eta hamar urteko Errezesio luze honek ondorio latzak ditu pertsonengan. Miseria luzatzen denean, kontuz eman daitezkeen ondorioekin, politikoak barne.