argia.eus
INPRIMATU
GAIZKI ERRANKA
Infekzioa
  • Diotenez, eutanasiari buruz eztabaida piztu da Espainian gizon batek eri zegoen emaztea hiltzen lagundu zuenetik. Baliteke. Oraingoz, emazteari duin hiltzen lagundu zion gizona ona edo gaiztoa ote zen ari dira batez ere aztertzen hedabide anitz. Tira, deus baino gehiago, gaiztoa dela ari dira erakusten saiatzen; gaiztoa, erran nahi baita bere osotasunean, bere gauza guzietan, manikeismoak manatzen duen bezala. Zernahi izugarrikeria egiteko gauza litzatekeen tipoa dela, alegia.

Santi Leoné @ororostorm 2019ko apirilaren 12a

Izugarrikeria horiek argitze aldera, Intereconomía telebista ultraeskuindarrak ekarpen polita egin du, komatxo nazkagarri eta guzi: “Emaztea 'hiltzen lagundu zuen' gizonak Otegi aske uztearen aldeko manifestu bat sinatu zuen”. ETA mamu bihurtu zenetik nonahi agertzen ahal zaigu, espektroei dagokien bezala, eta ni eta zu, irakurle, oharkabean ETA izaten ahal garen bezalaxe, eutanasia ere ETA izan daiteke, Arnaldo Otegiren kontaktu kutsakorra dela medio.

Nolanahi den ere, jakin nahi nuke zenbateraino den arriskutsua, noraino ailegatzen den Otegiri bide darion infekzio terroristagarria –neologismoa nirea da–. Komunean geruza bikoitzeko papera erabiliko balu –argi geldi dadila hipotesi bat dela, ez dut Arnaldo ezagutzen, are gutiago horrenbertzerainoko intimitaterik izateko–, hori ere ETA litzateke? Gosaltzeko hartzen dituen zerealak ere bai? Kartzelan, Bertolt Brecht-en Vergnügungen (Plazerak) poema irakurtzen omen zuen: horrek Brechten obra osoa bihurtzen du susmagarri edo poema hori bakarrik? Edo poema horrek zerrendatzen dituen gauza gustagarri guziak –leihotik begiratzea, elurra, antzinako musika– dira ETA baina ez gara ohartu?

Eutanasiarenarekin batera, noizbait erreakzionarismo espainolaren psikearen gaineko debatea ere piztu beharko genuke.