argia.eus
INPRIMATU
GAIZKI ERRANKA
Bortizkeriaren elipsia
  • Elipsia da kazetaritza estilo jakin baten ezaugarri nagusietarik, irakurlea testuak arretaz irakurri eta zorrotz interpretatzera behartzen duena, elipsiak zer altxatzen duen asmatuko badu. Honela zioen El Mundo egunkariko titulu batek, Valentziako edizioan: “Emazteki bat hil da Rojalesko etxe batean eta haren bikotekidea atxilotu dute”. Hori irakurrita, zilegi da galdegitea zerbaiten kontra muturkatu eta balkoitik erorita –adibidez– hil ote zen emaztekia, eta bikotekidea mozkorturik gidatzeagatik eraman ote zuen atxilo poliziak.

Santi Leoné @ororostorm 2019ko apirilaren 12a

Bertze zenbaitetan, zinemako trailer txarrek bezala, berria leituz gero aurkituko ez dugun istorio bat iragartzen digute prentsako izenburuek: “Gizon bat atxilotu dute eutanasia eskatzen hilabeteak zeramatzan emaztea hiltzeagatik”, zioen El Españoleko albiste batek. Bortizkeriarik ez dagoelarik, nork nor hil zuen ederki nabarmentzen da; indarkeria izan delarik, berriz, nork-zer-nori elipsi dotore batek ezkutatzen du: emazteki bat hil da, haren bikotekidea atxilotu dute.

Kazetaritza mota hori ikusita, hobeki ulertzen da epaile frankok bortxaketarik ez ikustea emaztekiak indarrez eta gogoz kontra sexu harremanak jasatera beharturik izan diren hainbat alditan –hauen ezezkoak elipsi handi batean galtzen dituzte naski epaileek–, baina prest egotea genero indarkeriaren kontrako legea aplikatzeko emaztea duin hiltzen lagundu zuen gizonari, El Españolen arabera emaztea hil zuenari hain zuzen ere.

Ironia egokia da emaztekiak indarkeria matxistatik babesteko sortutako legea eutanasiaren gaineko eztabaida desbideratzeko erabili izana; azken buruan, prentsako lerro makurrek eta legearen erabilera maltzurrak helburu bera baitute: emaztekien gorputzen, emaztekien bizitzaren eta heriotzaren gainean sistemak duen boterea berrestea.