Astean asteko historia: 1991ko irailaren 29a

argia
0

[Koldo Izagirre] Pop-rockaren izarrak baino sarriago hurreratzen da mikrora, baina ezin du deus esan, eskatzen zaionari bertsoz erantzun behar dio, kaixo egunon ere halaxe, nekatua nago edo adio hurrengoa arte berdin, kantuan beti, hutsik egin gabe neurrian eta puntuan. Zenbateraino identifikatzen ote da ematen dizkioten rolekin? Izan ote du sekula zinez bota nahi lukeena botatzeko aukerarik? Isil zaitez eta kanta ezazu agintzen diogu, gauza urruna zaigu bertsolariaren gogoa.
“Ez badago entzulego euskaldunik, ez dago zer eginik”.

Agian, ulertzen ez diogula ari zaigu esaten. Ez da kontzeptu bihurriak darabiltzalako, izan liteke ordea ez diogulako sentimenik sinesten. Baina, funtsean, interesatzen ote zaigu bere hitza?

“Kaletik baserrira ekarri behar omen dute orain euskera. Lehen ere ez zien inork galerazi. Francoren atxakia egiten dute denek, eta gu kalera joaten ginanean kaxero edo pello deitzen ziguten. Orain beraiek irakatsi behar omen digute”.

Inork ez zuen euskara kaletik baserrira eraman nahi izan, baina kalearen historia linguistikoaren puska bat bildu zuen Lazkao Txikik desmasia horretan. Bizipenak beroan jasotzen ahal dituelako da horren lan ederra elkarrizketa kazetaritzan. Erdaldunak euskararen jabe egin zirenekoa, adibidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA