"Programatutako udalekua baino zailagoa da udaleku parte-hartzailea aurrera eramatea"

  • Udalekuetan izena emateko garaia den honetan, hiru zutabetan eraikitako proiektua aurkeztu digu Ausartu Kultur Elkarteak: begiraleek programatutako ekintzen ordez, gazte eta heldu guztien artean jositako egitaraua; haurrei bakarrik zuzendutako udalekuen partez, 18 urtera artekoentzako eskaintza; eta makro-udalekuen eredua beharrean, gehienez 30 laguneko taldeak, familia giroa sortzeko.

Bakoitza bere motxilarekin dator udalekuetara.
Bakoitza bere motxilarekin dator udalekuetara. "Zazpi egunetan ez diogu soluzioa aurkituko, baina aurkitu dezala espazio eroso eta seguru bat". (Arg: Dani Blanco)

Aitor Altuna eta Edurne Gonzalez dira Ausarturen sortzaile eta sustatzaileak. Hezitzaile, begirale, formatzaile, dinamizatzaile… aritu dira aisialdi proiektu ugaritan, eta esperientzia hori guztia baliatu nahi dute orain, proiektuotan ikusi dituzten hutsune eta gabeziei aurre egingo dien udaleku propioa martxan jartzeko. Adibidez, gertatu izan zaie 15 urterekin udalekuetan primeran pasa duen gazteak 16 betetzean ere berriz izena ematea, baina ezetza jasotzea erantzun gisa, adinagatik. Hala, 18 urtera arteko eskaintza dute eurek, hiru taldetan banatuta: 12-14 urteko gazteak, 14-16koak eta 16-18 bitartekoak. Astebeteko egonaldia planteatu dute talde bakoitzarekin, Astigarragako Santiagomendi aterpetxean.

Hezitzaileen "ekintzitisa" gainditzeaz
Udalekuetan oro har faltan bota duten beste ezaugarri bat bihurtu dute erronka: “Gazteak proiektuaren parte sentitzea eta lortzea guztiona izango den eta guztion artean eraikiko dugun aisialdi proiektua”. Hezitzaileek maiz “ekintzitisa” dutela dio Altunak, “uneoro aktibitateren bat daukagu programatuta, uneoro mugimenduan eta topera… eta bestelako filosofia bati heldu nahi diogu guk”. Malgutasun horrek lan gutxiago ematen duela uste duenarentzat, garbi azaldu du Gonzalezek: “Udaleku parte-hartzailea aurrera eramatea askoz zailagoa da programatutako udalekua baino, gazteak entzun behar dituzulako eta adierazi dituzten behar horiei gaurtik biharrera erantzuteko baliabideak lortu behar dituzulako. Jarrera gakoa da, sortzen diren behar berriei erantzuteko prest egon behar duzu. Batzuetan ezingo da nahi dena bere horretan egin, baina beharbada bai egokituta. 34 pertsona egongo gara (gehienez 30 gazte eta lauzpabost hezitzaile) eta 34 pertsona horien artean sortuko ditugu udaleku hauek. Oinarrizko programazio bat izango dugu, baina beti ere irekia, moldatzeko eta aldatzeko aukera bermatuz”.

"Gai baldin banaiz zure konfiantza lortzeko eta zuk kontatzeko hilekoa jaitsi zaizula eta min ematen dizulako ez duzula ekintza jakin bat egin nahi, zaintza bermatuta dagoen seinale"

Benetako parte-hartzea dute helburu, baina zer da benetako parte-hartzea? “Zein ekintza egingo dugu gaur, hau ala hau? Eta gehiengoaren babesa lortzen duen ekintza egin. Ez dugu parte-hartzea horrela ulertzen –azaldu digu Aitor Altunak–, baina ‘zer egin nahi duzue?’ galdetu eta ‘primeran, ba orain zuek antolatu’ planteamendua ere ez dugu maite. Udaleku barruan komunitate bat sortu nahi dugu, denon artean adostu, erabaki eta hori aurrera atera ahal izateko prozesua eta baliabideak jarri. Udaleku batzuetan egin ohi dute ‘haurrek erabakitzeko eguna’: haurrek eurek asanblada bat egiten dute eta ekintzaren bat, jolasen bat, hautatzen dute, baina guk programazio ludikotik harago joan nahi dugu, egunaren eta astearen antolaketa egin nahi dugu elkarrekin, hezitzaileok ere asanbladaren parte izan nahi baitugu; gogoeta baten ondorio izan dadila erabakitzera goazena, behar (zentzurik zabalenean) batzuei erantzungo dien astea antolatzea da asmoa. Gauetan adibidez, udaleku guztietan bilera egiten dute hezitzaileek, eguna nola joan den baloratzeko, baina ez da hori bera egiten gazteekin, ez da tarte bat hartzen eguna benetan baloratzeko, “ongi, gaizki” dikotomiatik harago. Guk denon artean egin nahi dugu balorazioa”.

Esaterako, gehitu du Edurne Gonzalezek, erabaki daiteke arratsero ordubeteko tartea hartzea, ondokoari kontatzeko zer moduz dauden. Edo krepeak bazkaldu nahi dituztela adostu dezakete eta batzuk erosketak egitera joango dira eta beste batzuk errezeta begiratzeaz eta prestaketa antolatzeaz arduratuko dira. “Zer egin nahi duten galdetu eta lehenengo egunean beharbada esango digute ez dakitela edo guk nahi duguna antolatzeko, baina horri buelta ematen joatea da asmoa”.

Erabakimena gazteei itzultzeko xede horretan, beste adibide bat jarri digu Gonzalezek: “Anekdota bat da, baina udalekuetan izena emateko matrikularen fitxan, gurasoek tarte zuri bat izaten dute seme-alabari buruzko informazioa jartzeko, bada guk gazteari berari zuzendutako laukia gehitu dugu, bere burua aurkez dezan. Eskatzen zaie gurasoei haurra deskribatzeko, baina udalekuetara datorrenari berari nola ez diogu ba aukera emango bere burua deskribatzeko? Eta aldea izugarria da, guraso batzuek ‘ez du entsaladarik jaten’ eta halako informazioa jarri ohi dutelako, eta gazteak beren izaeraz mintzo dira gehiago”. Argazkiekin berdin jokatuko dutela nabarmendu du Altunak: gurasoei baimena eskatu ohi zaie, udalekuetan euren seme-alabei ateratako argazkiak sare sozialetan zabaltzeko eta abar; “guk protagonistei ere galdetzen diegu, 15 urteko gazteak esan diezazukeelako ez duela nahi bere aurpegia halako edo bestelako lekutan agertzea. Zabaltzen ari garena bere irudia izanik, zer esana izango du ba”.

Zer da elkar zaintzea?
Hirugarren oinarri bat du Ausarturen proposamenak: kopuruz udaleku txikiak izatea. 34 lagunen artean sortzen diren harremanak gertukoagoak eta sendoagoak izatea espero dute, 70en artean sor daitezkeenak baino. Talde txikiak arreta pertsonalizatuagorako aukera ematen duela diote, elkar zaintza estuagorako aukera. “Hezitzaile eta nerabeen artean muga bat dago, errespetatu behar den muga bat, baina gai baldin banaiz zure konfiantza lortzeko eta zuk kontatzeko hilekoa jaitsi zaizula eta min ematen dizulako ez duzula ekintza jakin bat egin nahi, zaintza bermatuta dagoen seinale. Gazteek senti gaitzatela gertu eta entzuteko eta laguntzeko prest, horrela ulertzen dugu elkarren arteko zaintza”, azaldu du Gonzalezek. Horretarako, gehitu du, inportantea da “gazteak ez hartzea inkonpetentetzat, maiz horretarako joera dugulako. Aldi berean, ezin diot eskatu gazteari bere sentimenduak eta emozioak adierazteko, nik nireak ezkutatzen baditut. Gaur gaizki banago eta negargura badut, gardena izango naiz eta gaizki nagoela azalduko dut, zintzotasunez”.

Talde txikiak lasai, patxadaz eta malgutasunez aritzeko aukera ematen duela ere azpimarratu dute, talde handiek behar duten kontrolari iskin egitea errazagoa baita.

"Eskolan baino eduki gutxiago barneratuko dituzu, baina bizipenetatik eta ziurgabetasun horretatik, beste 30 gazterekin 24 ordu igarotzeak ematen dizun ziurgabetasunetik, asko ikasiko duzu"

Epaitua ez zaren espazio bat
Hezkuntza ez formalari duen balioa aitortu nahi diote Altunak eta Gonzalezek, pertsonak hezten dituelako, ez testu-liburuekin, baina bai esperientzien bidez. “Udalekuetan esaterako, etxetik kanpo astebete igarotze hutsa eta horretara ohitzea bada hezitzailea. Agian gaizki edo arraro sentituko zara etxetik kanpo, eta onartu beharko duzu gaizki zaudela, eta zure frustrazioak nola kudeatu landu beharko duzu”, dio Gonzalezek. “Sentimenduen kudeaketa, harremanak eta sorkuntza prozesua kasik modu naturalean lantzen dira hezkuntza ez formalean –uste du Altunak–. Eduki gutxiago barneratuko dituzu, baina bizipenetatik eta ziurgabetasun horretatik, ezagutu berri dituzun lau hezitzailerekin eta beste 30 gazterekin 24 ordu igarotzeak ematen dizun ziurgabetasunetik, asko ikasiko duzu. Norbere buruarekin harremanetan jartzen zaitu horrelako esperientzia batek, norbere gaitasun eta ezinekin”.

Gonzalezen hitzetan, norbera den bezalakoa izateko espazioa dira udalekuak, “ez duzulako egunerokoan inguruan mugatzen zaituen jendea; udalekuetan ez zaituzte epaituko, eta egun horietan askeago sentitu zaitezke zure emozioak azaltzeko”. Bakoitza bere motxilarekin etorriko da, bullyingaren biktimarik izango da beharbada, eta motxila hori askatzeko eremua izan daitezke udalekuak, barnean daramana husteko abagunea. “Zazpi egunetan ez diogu soluzioa aurkituko, ez dugu bere ingurua eta errealitatea hainbeste ezagutzen, baina zazpi egun horietan aurkitu dezala espazio eroso eta seguru bat, lasai eta gustura egoteko espazioa, eta indarrez beteta bueltatu dadila bere eguneroko errealitatera”.


ASTEKARIA
2019ko martxoaren 31
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


EHUk harremanak hautsiko ditu Palestinako sarraskia gaitzesten ez duten Israelgo unibertsitateekin

EHUko Gobernu Kontseiluak adierazpena onartu du, Palestinaren alde eta Gazako sarraskiaren aurrean. Hainbat konpromiso hartu ditu, besteak beste, boluntariotza programa bat martxan jartzea, errefuxiatuen arreta zabaltzea eta giza eskubideen inguruko gogoeta sustatzea. Harreman... [+]


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Eguneraketa berriak daude