Pablo Sastre: “Beste kasta batekoa”

argia
0

[Miren Osa Galdona] Urteko lehen egunetan email berezia jaso genuen erredakzioan. Pare bat astez Euskal Herrira etortzekoa zela eta egingo zigula bisita. Sorpresa atsegina inondik ere. Eta Argiako berrienok Pablo Sastre aurrez aurre lehen aldiz izan genuen goiz eguzkitsu hura aprobetxatu genuen mahai bueltan bildu eta ARGIAn aritu zen urteez galdetzeko. Argiaren lagun zaharra baita Sastre, maiz aipatu izan dugun 80ko hamarkadako ARGIA eraberrituaren belaunaldikoa; ez zehazki Kaputxinoen eskuetatik kooperatibaranzko prozesuan aritua, beranduago baizik.

Hainbat faktoreren ondorioz aterrizatu ei zuen Egiako erredakzioan: “Bide ezberdinetatik ezagutzen nuen Argia, eta ziurrenik guztiek izan zuten eragina ni bertan lanean hasteko”. Bidelagun izan zituen lehen une haietan, besteak beste, Iñaki Uria, Josu Landa eta Mikel Antza. Ikasle garaietatik ezagutzen zuten elkar laurek. Uria eta Landa Susa literatur aldizkarian buru-belarri zenbiltzan Sastre sartu aurretik, eta zaletasun bera elkarbanatzen zutenez, lagunen ondoan jardutea ideia ona izan zitekeela pentsatuta hasi omen zen lehen lanak idazten. Lurdes Auzmendiren pisukide izandako garaiek ere zerikusia izan zutelakoan da.
Bederatzi urtez munduko albisteak gureganatzeaz arduratu zen Sastre. Nazioarteko hedabideak miatu, nabarmendutako albisteak hautatu eta euskaratu egiten zituela dio. Ohiko metodologiak, esfortzu eta lan ordu dezente zekartzan, egun ditugun baliabiderik gabe bide alternatiboak miatu behar baitziren aldizkaria osatzeko. “Han-hemengo aldizkarietan harpidetu nintzen. Africa sí egunkaria, adibidez, oso baliagarria zitzaigun Afrikaren nondik norakoak kontatzeko. Gatazka bat baino gehiagoren berri eman genuen horri esker”. Larrun aldizkarira ere eraman zituen Euskal Herriaz besteko errealitateak: 1985ean Kurdistango egoerari buruzko erreportajea du gogoan. “Aitzindariak izan ginen halako gaiei ahotsa ematen”.

Egunkariaren sorreran ARGIAn geratu zen kazetarien multzokoa da Sastre. Bera, ordea, “beste kasta batekoa” omen da, jardunaldi erdiz aritzen baitzen lanean, ez gainontzeko lankideak bezala “gau eta egun”. Beste zaletasunei heltzeko aprobetxatu zituen egunari geratzen zitzaizkion orduak, idazteari eta irakurtzeari gehien bat. Hala kaleratu zituen, esaterako, Mugarria nobela eta Kontuak narrazio liburuak ARGIAn hasi berri zen lehen urteetan.

ARGIA utzi zuenetik makina urte pasa badira ere, aldizkariaren portadekiko lilura ez duela galdu aitortu du Sastrek mahaitik altxa aurretik. “Etxe honetan hasi aurretik atentzio handia ematen zidan zelako azal puskak egiten zituzten. Hala jarraitzen duzuela ikusten dut (2019ko hirugarren zenbakia esku artean duelarik), ez duzue meritu makala!”. Itzuliko dela agindu du, kolaboratuz eta bisitan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA