Hurrengo ekitaldiak, eragileekin elkarlanean

argia
0
Irudia: Joseba Larratxe.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Urte berezi hau aprobetxatu nahi du ARGIAk, komunikazio lanez harago, bere egiten dituen baloreetan oinarritutako ekitaldiak antolatzeko, Euskal Herriko gizarte eragileekin elkarlanean. “ARGIA beti bere baloreak gora eta behera”, esan dit lagun batek, datozen bi hilabeteetarako ekintzen berri ematen hasi orduko. “Bai, egia da, lata pixka bat ematen dugu gai honekin, baina ez al zaizu iruditzen beste medioek ere, usu zuzenean aipatzen ez badituzte ere, eguneroko jarduna beren baloreetan oinarritzen dutela? Babesletza hari, beste jardunaldi horietan publizitatea jarri…”. Eta hortik ekin diogu elkarrizketari.

Nik neurean segi dut, gehiegi aztoratu gabe, sinetsita interesgarria dela egiten ari garena eta konbentzituko dudala seguru. Erakutsi diot lehengo astean argitaratutako artikulu txikia, iragarriz martxoaren 27rako Bilboko Kafe Antzokian Manu-Robles Arangiz Institutuarekin batera antolatutako Zaintzako langileen borrokak mahai-ingurua. Ez da ekitaldi bakarra, ordea, eta astebete lehenago Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean ere badago beste hitzaldi bat antolatuta: Faxismoa gaur eta hemen, Hedoi Etxarteren eskutik, arratsaldeko 19:00etan. Etxarteren hitzaldi hau entzuteko bigarren aukera izango da Azpeitikoa, eta hauteskunde anitz datozela ikusita eta Europako tendentziari erreparatuta, garai onean dator. Elkar-Ekin taldearekin elkarlanean antolatu du ARGIAk. Herri eragile honek ederki asko asmatu du Euskal Herria eta mundua astintzen duten gai sozialak herrira ekartzen, sakonean landu eta Azpeitia hobe bat eraiki asmoz. Globalean pentsatu eta lokalean eragin. Eta lelo horretatik ere badu ARGIAk. Zer da, bada, txikitik eragitea?

Hizkuntz eskubideak, norenak?! da Argiaren Mendeurrenaren barruan antolatutako hurrengo hitzaldia. Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearekin batera landuko da hizkuntz eskubideen afera, Kulturate gunean, apirilaren 4an arratsaldeko 19:00etan. Eneka Alvarez eta Arkaitz Zarraga izango dira hizlariak. Eta segidan, apirilaren 5ean Gasteizko Hala Bedi irratiaren lokalean Directako kazetari Jesús Rodriguezek Kataluniako prozesua eta garaipenaren ikasbideak hitzaldia eskainiko du 18:30ean. Hiru hedabide hauen elkarlana izango da hitzaldi hau.

Ondoko herrian tokatzen zaion hitzaldira joango dela esan dit bukaeran lagunak, eta polita litzatekeela herrian horrelako zerbait antolatzea; kontatzeko berarekin.
Edozein herritako eragilek du aukera ARGIAren alde horrelako ekitaldi bat antolatzeko elkarlanean. Herrietako proposamenak jasotzeko gogoz dago lantaldea, eta antzeko zerbait bururatuz gero, idatzi argiak100urte@argia.eus helbidera. Ekitaldiaren sustapena ARGIAren kontu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA