Asteko portada hautatua: 1976ko apirilaren 11

argia
0

[Koldo Izagirre]

Zer dira 24 ordu hizkuntza baten bizian?

Egun hura, gau hura, ordu haiek historikoak izanen zirela zekiten euskaldunez betea zen belodromoa. Ilunpean, kantari edo ez, une hunkigarriak sortu zituzten: bizirik gaude, milaka izar gara seinaleak egiten, hizkuntza batek egiten gaituela herri aditzera ematen. Leize, gela, ganbara, auzo, lantegi, zuhaitz, euri, bihotz, taberna, zubi, mendi, karrika, biok, hitz bana dira gar txipi horiek denak. Konstelazio, mundutxo, komunitate, atxikimendu sekretu bat. Maitasun.

Jagoitik, geu ariko gara gutaz.

Elizaren irratietarik gutaz. Bilbo, Donostia, Loiola.

Non bestela diktaduraren lizunik gabeko hizkerarik?

Handik urte batzuetara, Espainian demokrazia geneukala, Herri Irrati haiek eten egin behar izan zuten Cope katearekiko zuten lotura. Elizaren katea zen hura barren. Baina kate hartarik botatzen zirenak iraingarriak zitzaizkigun gutaz aritzen ziren aldi oroz, alegia, egun oroz.

Iragan ziren 24 orduak, heldu zen hurrengo eguna, dena gau. Eta gar txipi haiek argi ematen iraun zuten egundaino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA