argia.eus
INPRIMATU
Lehendabiziko aldiez
Castillo Suárez @casti_suarez 2019ko urtarrilaren 15a

Lehendabiziko aldiz Berri Txarrak taldearen berri izan nuenean telebistan izan zen. Irakurtzen zituzten gauzei buruz galdetu eta nire lehendabiziko poema liburua aipatu zuten. Harrotasuna eta harridura sentitu nituen, biak batera. Lehendabiziko aldiz Gorka Urbizurekin hitz egin nuenean Onki Xinen geunden, eta nola ez, poesiaz hitz egin genuen. Lehendabiziko aldiz Berri Txarraken kontzertu bat backstagetik ikusi nuenean Zegaman izan zen, ez nuen ezer taxuz entzun, baina akordatzen naiz Etxarri Aranatzen geratu ginela ondoren, Gironatik etortzen crewarekin, eta arrakastaz eta bakardadeaz hitz egin genuela. Bien arteko loturaz. Lehendabiziko aldiz Berri Txarraken kontzertu batera joan nintzenean Lur diskotekan izan zen. Kontzertua baino lehen trinketean afaldu genuen, Kokeinekoak ere han zirela. Akordatzen naiz azkeneko aldiz ikusi genuela iheslari bat egun hartan. Ez ginen jabetu agur esan zigula. Azkeneko aldiz Berri Txarrak ikusten dugunean legegintzaldi berri batean egonen gara: zuk alkatetza utzita eta nik poema liburua plazaratuta. Bukaerak hasierak baitira aldi berean.