argia.eus
INPRIMATU
Yoga
Itxaro Borda 2018ko abenduaren 18a

Munduak orain arte besterik ezagutu ez duen arren, gure garaiak are latzagoak iruditzen zaizkigu: nork bere gurutzea. Ezinezkoa ematen badu ere, batzuetan erlatibizatzeko beharra dugu: ez gara horiz janzteko puntuan, ez horixe, nahiz eta dakigun, gaur ez bada, etorkizun hurbilean erregaien gaineko tasak eta prezioak emendatuko direla, petrolioa urritzearekin batera. Zorigaitzez, janariak, jantziak, kondoiak, kontsumo baliabideak oro, energia fosilduan errotuz ekoizten dira.

Horregatik estimatzen ahal da, aurtengo Durangoko azokan aurkitu den Donostiako Maite Eizmendi irakasleak plazaratu mp3 diskoa. Badira, bistan dena, han eta hemen, yoga saioak euskaraz, baina lehen aldia da naski, etxeko tapiza urdina luzatu eta berehala erabiltzeko prest, ahotsezko grabaketa bat eskaintzen digutela! Ordubetez, hatsa hartzea lantzen da, postura ezberdinen jarioa eta finitzeko, erlaxatze sakona. Zorion bat!

Negarrez gabiltza beti. Euskararen egoera diglosikoa eta herrialde otzana salatzen ditugu gure sintaxia apokaliptikoetan. Azken denbora hauetan hargatik, euskara, uste ez ditugun alorretara hedatzen ari da, ezinbestekoak denak, euskaldunak baino gehiago ere garelako: jende hutsak.

Namaste!