Korrikaren aurtengo kantaren bideoklipak eztabaida ikaragarria eragin du sare sozialetan eta AEK-k azalpenak eman behar izan dizkio prentsari. Hasteko, bideokliparen egilea zein den argitu dute: “Kepa Junkerari eskatu genion, hain ondo uztartzen ditu euskal tradizioa eta modernitatea, iruditu zitzaigula ondo egingo zuela”. Baina gauza eskuetatik joan zen errodatzen hasi zirenean, aitortu dutenez: “Hor denetarik hasi zen mugitzen eskutik eskura, kontrolaezin bihurtu zen trapitxeoa. Sinetsi behar diguzue, guk Anne Etchegoyenen estiloko zerbait besterik ez genuen nahi, baina klaro, sartzen dituzu rapero batzuk eta Fermin Muguruza tartean, eta beno, ba Kepa ere erori egin zen: bost egun lo egin gabe pasa ondoren etorri zen bideoa entregatzera, matrailezurrak twerking egiten ziola”. Horrelakoak ez errepikatzeko, hurrengo Korrikako kanta Straight Edge filosofiarekin bat egiten duen talde hardcoretaren bati eskatuko duela zin egin du AEK-k.