argia.eus
INPRIMATU
Gaztainaren ezagutza berreskuratzeko jaia Izkin
Garazi Zabaleta 2018ko urriaren 31

1996an sortu zuten Euskal Herriko Hazien Sarea teknikari, nekazari eta Bizkaiko EHNE sindikatuaren inguruan zebiltzan hainbat kidek. 22 urteko ibilbidean hiru alorretan aritu da batez ere lanean taldea, Joseba Ibargurengoitia kideak azaldu duenez:“Hazien inguruko ikerketa, kontserbazioa eta dibulgazioa dira proiektuaren hanka nagusiak”. Izkiko (Araba) parkean 2010 inguruan hasi zuen ikerketa taldeak, Arabako Aldundiaren babesarekin. Orduan hasi ziren bertako gaztainondoen inguruko lanketa egiten, eta lanketa horren parte izan da urriaren amaieran Izkin ospatu duten Gaztainaren Festa ere.

Gaztainondoen galera

“Gaztainondo gutxi dago Araban, eta gehienak Gorbeialdean eta Apinaizen, Izki parke inguruan”, dio Ibargurengoitiak. 300 urte baino gehiago dituzte bi gune horietako landaketek. Zuhaitzak gure historian izan duen garrantziaren adibide da Euskal Herrian dugun gaztainari lotutako toponimia zabala: “50.000 urte baino gehiago daramatza gure inguruan gaztainondoak, eta euskaldunen biziraupenerako elikagai oinarrizkoa izan da mendetan”.

Apinaizen urriaren 26 eta 28 bitartean ospatutako Gaztainaren Jaiaren helburu nagusia gaztainondoen berreskurapenerako ezagutzak zabaltzea izan da. Lehenagotik martxan zuten proiektuan, Izkiko gaztainondoen 13 hektareatatik bat aukeratu zuen Hazien Sareak, proba egin eta gaztainondoen kudeaketa eredua bultzatzeko: “Hilzorian dago gaztainondo hektarea hori, besteak beste, azken bost hamarkadetan ez delako inausketa eta mozketarik egin”. Sarearen proposamena da hektarea horretan gaztainondoen berreskurapenerako kudeaketa eredua bultzatzea eta hura zabaltzen joatea.

Festa, ikasteko bide

Extremaduratik iritsitako teknikari bat izan dute Gaztainaren Jaian gonbidatu berezi. 500 hektarea gaztainondo kudeatzen dituzte han, eta eredu horren inguruan gehiago ikasteko baliatu dute teknikariaren bisita. Hiru egunetan hamaika ekimen izan dituzte Apinaizen: gaztaina lehiaketa, bertako eta kanpoko barietateen erakusketa, gaztaina kulturaren inguruko ikastaroa, dastaketa, gaztainondoetatik ekoibilbide inklusiboa…

Hazien sareak aurrera begira ekintza gehiago antolatuak ditu gaztainari lotuta: “Urtarrilean eta martxoan ikastaroak eginen ditugu gaztainaren ezagutza, kulturari eta praktikari begira: inausketak, landaketak eta abar nola egin ikasiko dugu”.