Lekeition inor ez da ilegala

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria]

Sekula sentitu al duzu, irakurle, zuk egin, bultzatu, saldu, zabaltzen lagundu duzun kamiseta bat kalean norbaiti jantzita ikustearen poza? Zeure barrurako “begira, horrek gure kamiseta darama!” euforiko bat esatea ez al zaizu tokatu? Horrela ibili naiz pasa den asteburuan Lekeition. Batera eta bestera begiratuta, bazter denetan ikusi dut ARGIAk eta Mbolo Moye Doole elkarteak elkarlanean prestatutako “inor ez da ilegala” kamiseta. Banekien kanpaina arrakastatsua izaten ari zela, ikusi diot soinean ezagun bezala ezezagunen bati… Baina zer gertatu da Lekeition horrenbeste jendek proiektu honekin bat egiteko?

Erantzuna eman dit Amaia Nicholson herritar eta ARGIA Jendeak bi hitzetan: Kasumay eta Jori. Senegaldar komunitate esanguratsua dago Bizkaiko kostako herri arrantzale honetan, eta harreman estua egin dute azken urteetan euskal komunitatearekin. Baina kazetariak kontutan hartzen ez zuen ñabardura batekin: guk, zuri jator eta integratzaileok, usu beltz guztiak zaku berean sartzearen akatsa egin ohi dugu, eta azpimarratu digute senegaldar komunitate anitz horren barruan Diola etniakoak direla Lekeition dauden asko, Casamance eskualdekoak. Diolak dira Kasumay izeneko (“zer moduz?” dioleraz) fruta-denda ireki zutenak orain urte batzuk herrian, eta beronen arrakasta ikusita, ondoren Jori izeneko (“on egin” dioleraz) jatetxea zabaldu zutenak menu senegaldar eta bertakoak konbinatuz.

Oso sartuta daude herrian, eta Nicholsoni, kamiseten kanpaina ezagutu zuenean, ideia polita iruditu zitzaion herrian jendeari “inor ez da ilegala” proiektuarekin bat egiteko aukera eskaintzea. Eta zer hoberik diolek eurek saltzerik baino? Jori jatetxean jarri ziren salgai kamisetak uztailan, eta astebetean 40 inguru saldu ziren. Orduz geroztik beste 30 bat gehiago saltzera iritsi dira, eta denera proiekturako 1.000 euro inguru bildu dituzte.

Ikusiko ez nituen ba nik kamisetak kalean? Gutxienez 70 badabiltza Lekeition bueltaka! Indar handiz sartu da kanpaina herrian, eta badirudi hemendik aurrera ondarrutarrek ere lasai pasa ahal izango dutela muga.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA