Gaixotasun arriskutsuen transmisore den “tigre eltxoa” Bidasoa ingurutik Donostiara heldu dela-eta, alarma piztu da hiriko agintarien artean. “Hondarribiako alardean ikusi ahal izan genuen eltxoak ziztatu zituen herritarrek zein erreakzio sufritu zuten; ez dugu gurean halakorik gertatzea nahi”, azaldu digu Garbiñe Iñurretegi izurrite-zinegotziak. Hartuko dituzten neurriez galdetuta, egunotan zeresana eman duen rotaflex-zerbitzuaz hitz egin digu. “Badakizue, mugikortasun brigadako gure lankideak, Donostiako Mugikortasun Astean, lorategi inguruetako altzairuzko hesitxoetan loturik zeuden bizikleten giltzarrapoak rotaflexarekin moztu eta bizikletak konfiskatu dituzte. Gauza bera egingo dugu eltxoekin: rotaflexak baliatuta akabatuko ditugu guztiak, eta horrek funtzionatuko ez balu, Loiolako militarren tankea erabiliko dugu. Bide batez, txirrindulari batzuk lehertarazten baditugu, zoragarri, bi euli tiro bakarrarekin, kar kar kar. Hiria garbi mantentzea da inportanteena”.