1990eko hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundiak baserria erosi eta haren historian arakatzeko ikerketa abiatu zuen historialari, arkeologo eta arkitekto talde batekin. Jasotako informazioarekin, ondoren, baserria zaharberritu eta egun jada Baserri Museo den proiektua abiatu zuten. “Helburua XVI. mendeko baserriak nola sortu ziren, zein bilakaera izan zuten eta bertan nola bizi ziren ezagutzera ematea da”, azaldu du Kizkitza Ugarteburu Plazaola museoko koordinatzaileak.
Igartubeiti indusketa arkeologikoak egin dituzten baserri bakarretakoa dela azaldu digu Ugarteburuk. Haren azpian etxola baten aztarnak topatu zituzten ikerlariek. “Uste da lehenago etxoletan bizi zirela familiak, eta kanpoan zituztela animaliak eta gainerakoak”. XVI. mendean, berriz, familiaren bizitokia eta bestelako elementu guztiak gune bakar batean sartu zituzten. “Orduan sortu ziren egun ezagutzen ditugun baserri hauek”, dio museoko koordinatzaileak.
2001ean Igartubeiti zaharberritu, zabaldu eta bertako dolarea martxan jarri zuen. 2007 arte bisita gidatuak egiten zituzten baserrian, baina 2008an pauso bat aurrerago eman zuten interpretazio zentroa irekita. “Foru Aldundiak ez zuen interbentziorik egin nahi baserrian bertan, ez zuen panelik edo informaziorik ipini nahi. Horretarako ireki zen interpretazio zentroa”. Gune horretan dolare-baserrira hurbiltzen diren bisitariak testuinguruan jartzeko ikus-entzunezko informazioak daude, baserrien sorrera eta bilakaeraren berri ematen dutenak. Bestelako ekimenetarako aukera ere ematen du, dena den, guneak.
Sagardo Astea da baserri museoan urtero antolatzen duten ekimen arrakastatsuetako bat. Dolarea martxan jarri eta XVI. mendean sagardoa nola egiten zen erakusten dute hainbat jardueren bidez: kirikoketa erakusketa, sagarraren inguruko tailerrak, dastaketa… Bestalde, martxoan, emakumeen nazioarteko egunaren harira emakumeak baserrian izan duen garrantzia ezagutzera emateko jarduerak ere egiten dituzte. Eta urtean zehar, bestelako hamaika ekimen antolatzen dituzte baserrian: dolarean kontzertuak, hileroko tailerrak, erakusketak –Asier Gogortzaren Mendebalde argazki erakusketa dago orain ikusgai–… Aukera zabala familia, lagun talde nahiz eskolek baserrira hurbiltzeko aitzakia izan dezaten.