argia.eus
INPRIMATU
Gorputzen jabetza...
Nora Barroso @axala_n 2018ko irailaren 04a

Gorputzen jabetza. Aukera bakarra dela sinetsi eta errepikatzen dugun bitartean, hor hasi eta bukatuko da pertsona eta kolektibo moduan, merkatuen zein estatuen kontrol nagusia. Eremu horretan, gauza asko gertatzen dira, besteren artean, generoaren/sexualitatearen/sexuaren menderatzea, sistematizazioa, sentimenduen pribatizazioa, bizitzen estandarizazioa…    

Iruditzen zait jabetzaren sentsazioaren mesedetan zentzumen gehienak nagusiki amatatuak ditugula, eta bertan jardun dira nagusiki gure arteko erlazio hertsiak, baita inguruarekin sortutako bestelako eraikuntza gehienak ere. Jabetzaren desioak gorputzetan ditu bere errorik bortitzenak. Bestearen edo batzuen jabe izateak (lagunak, ondorengoak, maitaleak, herritarrak...) boterea eta erabilpena dakar, boterearen bazka bihurtuz eta bere mantentzea elikatuz. Gorputzekin batera ekintzak, sentimenduak eta inguruak (lurraldeak, bizitokiak, espazioak...) daude, eta horiek ere sartzen dira ukan aditzaren zakuan.

Merkatuek, estatuek... homogeneizazioa beren boterearen eta kontrolaren mesedetan erabiltzen dute, minbizi baten antzera zabalduz. Sinplifikazio masibo eta bortitz horrek banatu egiten gaitu

Merkatuek, estatuek... homogeneizazioa beren boterearen eta kontrolaren mesedetan erabiltzen dute, minbizi baten antzera zabalduz. Sinplifikazio masibo eta bortitz horrek banatu egiten gaitu, ez gaitu elkartzen uzten, kristalezko kutxatan sartuta, sortutako kategoria itxitik kanpo dagoenaren beldur. Baina gorputzak zein lurraldeak beren artean ez dira berdinak; aniztasunean bizi den horrexetan dago bizitzaren jarioa. Konplexutasunak, etengabe kanpoan uzten gaituen horren aurrean, ikuspegi holistikoa erakusten digu.

Agian, fikziozko muga horiek etengabe zeharkatuko bagenitu, aurreiritzi eraikia baino benetan zer gertatzen den biziko genuke. Modu horizontalago batean erlazionatzeko egunerokotasunak ematen dizkigun espazioak erabili ditzakegu, edo horiei ateak irekitzeko eremu berriak sortu, pribatua dena kolektibo bilakatuz. Gune horietan ideiak, ametsak, jakintzak, gogoetak zabaldu ditzakegu, alaitasunak eta sufrimenduak partekatu, momentuan daukagun botereari uko egin eta gogoeta/ekintza/sentimenduak konpartitu etengabeko eraikuntzak eta deseraikuntzak bizitzeko. Izan ere, gorputza/pentsamendua/ekintzak norberarenak al dira bakarrik ala, bakoitzaren iragazkitik pasa ondoren ez ote zara, modu batean edo bestean, zugan eragina izan duenaren nahasketa? Horrenbestez, merkatuei eta estatuei utziko al diegu bizitzen gidari izaten?

Erlazionatzeko moduaren arabera eraikitzen dugu gure ingurua. Gorputzen jabetzan oinarrituz gero, gure ingurua jabetzaren mundua izango da. Adi, zentzumenak zorroztu, gurean dago katebegi eraldatzaileetako bat eta.