Maravillas gaztetxea hustu eta berriz okupatua izan ostean, “egoerari 180 graduko bira emango dion proposamena” aurkeztuko du Uxue Barkosen exekutiboak: gaztetxea birkokatzea, Erorien Monumentuan. “Uste dugu aukera ona dela: Maravillas berriak lorategia edukiko luke eta dagoeneko barrutik kendu dituzte zorritsu, barka, gazteei igual pixka bat molestatuko zieten gauza naziak”, azaldu dute gobernu foraleko iturriek, Sanjurjo eta Molaren gorpuzkiei erreferentzia eginez. Gobernuaren ustez, Erorien Monumentuak baditu abantaila gehiago ere, adibidez, tenis kluba gertu edukitzea: “Horrela, kirola egingo dute okupa madarikat… barka, gazteek; monumentuaren pareko urmaelean igeri egiten ere utziko diegu, txintxo portatzen badira eta betiere nafar guztien borondate demokratikoari erantzuten badio”.