Gaurkotasuna ulertzeko Gakoak

argia
0
Argazkia: Dani Blanco.

[Itsaso Zubiria Etxeberria]

Pil-pilean dauden gaiak azaltzeko eta ulertzeko modu asko daude. Moduak adina hedabide. Eta guk geurea kontatuko dizugu. Geuretzat errealitatea entenditzeko era. Dena artikulu, irudi, erreportaje, iritzi edo elkarrizketa formatuan, lasaitasunez irakurtzeko.

“Aktualitatearen Gakoak” deitzen diogu azken hiru urteotan, lehen “Urtekaria” bezala ezagutzen genuen formulari bigarren buelta bat emanda. Horrela, urteko albisteen bilduma izan beharrean, gaurkotasuneko gaiak sakonean jorratuta eskaintzeko aukera dugu. Iaz sei hilabeteko tartean bi liburuxka jaso zenituela ohartuko zinen, irakurle, argitalpenaren data aldatzeko erabakia hartu baitzuen ARGIAko lan-taldeak. Negutik udarako saltoa. Zergatia, urtaro hotzeko denboretan jendea bestela ere nahikoa berotuta ibiltzen dela bizitzen antolaketarekin, lana dela, eskolak direla… Eta eguraldi goxoen garaia helduta, berriz, irakurtzeko tarte gehixeago izan ohi da. Gainera, astekariak abuztuko lau aste libre uzten dituelarik, ARGIA jendeari gurekin jarraitzeko beste motibo bat emateko aukera dugu.

Zein dira, ordea, aktualitateko gako garrantzitsutzat jo diren gaiak? Hasteko, azalera ekarri du Xabier Sagasta gasteiztarrak (Joseba Larratxe artistak altu utzitako mailari eutsiz) zoritxarrez herriko festetan ere azaleratzen den indarkeria matxista. Eta orrialdeak pasa ahala aurkituko ditugu Kataluniako prozesua, Gasteizko Gaztetxearen 30. urteurrena, txosna-guneari lotutako jai eredua, euskaldunok itsasoarekin izan dugun lotura, Turismoa, Euskal Elkargoa…

Hori guztia eta gehiago, sei ataletan banatuta. Ikusi ahalko duzu “Bost begirada 2018ari” atala, astekarian argitaratutako urteko bost argazkirekin; ETAren amaieraren inguruko analisia; erredakzio-taldeko lagunen edo kolaboratzaileen eskutik kronikak –espresuki argitalpen honetarako eginak–; AHTaren inguruko infografia; Beatriz Egizabal ipuin kontalariari aldizkarirako egindako elkarrizketa; eta “Joerak” deitutakoa, gaurkotasunari begiratuta datozen hilabeteetarako aurreikuspenak eginez.

Beraz, irakurle, baduzu zer irakurri. Gozatu uda eta irailean jarraituko dugu ARGIAren barrenak kontatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA