argia.eus
INPRIMATU
Erpina ia-ia eskura
IƱaki Martinez De Luna @imartinezdeluna 2018ko uztailaren 19a

Bost mailako eskaileraren erpinera ailegatzea da euskarak egun duen erronka, maila horiek honakoak izanik: neutralizatzea, liluratzea, konbentzitzea, erakartzea eta aktibatzea.

Gure hizkuntzaren aurkako erasoak neutralizatzeko, ika-mika gatazkatsuetatik euskara atera eta arrazoibide ireki eta berrietara egin da jauzi, gure lurralde batzuetan. Euskararekin mesfidati eta kontra zeuden sektore ugari indargabetzera iritsi da, aldeko kontakizun berriak (errelatoa, diskurtsoa) zuhurtziaz eta burutsuki hedatuz. Estrategia horren eraginez, euskara inposatzen dela motako aurreiritziak eta bestelako uste errotu batzuk lurrunduz joan dira pixkanaka. Hizkuntzen ekologiak hizkuntza guztien defentsa legitimatu du, alde batetik, eta, bestetik, euskararen irudi inklusiboa aldi berean bultzatuz, gure hizkuntza herritar guztiona dela  –ez soilik abertzaleena–  pentsatzera igaro da nagusiki.

Hala ere, bada oraindik neutralizazioarekin jarraitu beharra, bai euskararen aldeko neurriak kritikatzen direlako bai aldarri xelebre batzuk (euskara ez da Nafarroako hizkuntza, adibidez) entzuten direlako.

Euskalduntze masiboaren ondorioz hizkuntzaren komunitatea gero eta sendoagoa –izango–da, baldin eta euskaraz dakitenak aktibatzen
badira

Maila bat gorago daude liluratu eta konbentzitu beharrekoak: euskararen inguruan duda-mudan dauden erdaldunak zein euskaldun epelak. Lilurak sentimendutan eta konbentzimenduak arrazoitan izaten dute oinarri eta, hortaz, usteak ez ezik norberaren bizipenak ere garrantzi handikoak dira. Ataza mota horretako ekimen paradigmatikoa Korrika da, baina, aisialdikoak izan edo kutsu hezitzaileko saioak izan (eusLiderrak, adibidez), gero eta ugariagoak dira helburu horiekin bultzatutako ekintzak.

Zenbat eta arrazoi/sentimendu mota gehiago metatu, hainbat eta handiagoak gizakien lilura eta konbentzimendua: euskara lanerako lagungarria eta, gainera, nire azukre-koskorraren hizkuntza! Ongi errotutako konbentzimenduak erraztuko du gizarte sektore berriak euskarara erakartzea: konbentzimenduaren poderioz euskaldundu da gaueskoletan helduen kopuru koxkorra, eta eskoletan  gurasoen konbentzimenduz etxetik erdaldun petoak ziren ume andana.

Euskalduntze masiboaren ondorioz hizkuntzaren komunitatea gero eta sendoagoa –izango– da, baldin eta euskaraz dakitenak aktibatzen badira. Aspalditxo honetan ekimen mota ugari zuzendu da azken maila horretara: Kuadrillategi, Berbalagun, Euskarabentura, Euskaraldia...

Eskaileraren erpina ia-ia eskura dugu, baina ez lurralde guztietan eta lurralde bereko sektore sozial orotan. Hauxe da gakoa, mailez igotzen jarraituko badugu: egoera jakinen premiak eta mailakako ekimen estrategikoak ongi egokitzea.