argia.eus
INPRIMATU
Indarra eta sentimenduak
Joxi Ubeda Goikoetxea 2018ko maiatzaren 29a
Amaierarik ez... Tooth. Bonberenea Ekintzak, 2018

Hau egurra! Hau sasoia! Itzela da Tooth Gernika-Lumoko taldearen disko berria. Sei kanta dira, eta CD eta binilozko euskarrietan entzun daitezke. Biak ala biak daude karpetaren barruan.

Rock eta post-hardcore giroko doinu biziak dira. Erritmo bortitzak, zapalgarriak, errepikakorrak, bat-bateko aldaketak, distortsioa, oihuak. Sua darie kantei, grina, indarra eta sentimenduak.

Besteak beste, gerrez eta agintariez gogor mintzo dira: “Guda sofan eroso etzanda dauden agintariek diotenean hasi eta amaitzen da” (Gudu-zelaiak). Asier Martinez Mintegi Pulpo Porco Bravo taldeko kide zenari eskaini diote kanta bat eta bidenabar beren gustuko talde bat aipatu dute: “Noiz iritsiko da unea zurekin elkartzeko Fugazi soinu banda delarik gure besarkadetan galtzeko” (Pulpo).

Baina gehienbat gogoeta egiten dute bizitzan hartu behar den jarreraren gainean, izateari buruz, denboraren iragateaz: “Dena dago zure erabakien zain, aurpegia ala ifrentzua, zeuk esan, azken finean bizitza tramite huts bat da, oroitzapen huts bilakatuko gaituena” (Zu); “Ireki itzazu begiak eta begiratu ezazu, konturatu zaitez ez zarela hura” (Ni al naiz?); baina itxaropena galdu gabe: “Ezgauzak sentitzen gara baina sentitzen dugu eta bada zerbait” (Ezgauzak); “Bilatzen nabil inguruotan baina ezin dut aurkitu, galdurik nago baina bada nire barnean indar bat bultzada ematen didana” (Amaierarik ez...).

Edorta (gitarra eta ahotsa), Arza (bateria) eta Mirri (baxua eta ahotsa) taldekideen lanaz gain, aipagarria da Iñigo Etxeberrieta eta Victor Garcia teknikariek egin dutena, grabazioan eta masterizazioan, hurrenez hurren. Horrela gauzatu dute horren soinu sendoa, ozena, biribila.

Diskoa jendaurreko emanaldietan aurkezten hasi dira jadanik, han eta hemen. 2015ean kaleratu zuten Bi diskoarekin Euskal Herriko, Espainiako Estatuko zein Europako toki ugaritan jotzen ibili dira, eta urte eta erdian guztira 70 bat saio egin dituzte. Ez da harritzekoa beren emanaldiak ikusteko eta sentitzeko modukoak izaten baitira.