Duela 18 urte Kanboko Gazte Topagunean lehenbiziko gaupasa egin zuen Kepa Sakolegi dimoztarrak eta geroztik ez da etxera itzuli. Baina orain, iragarpen garrantzitsua egin du: parrandak behin betiko utziko ditu eta hori ziurtatzeko, maiatzaren 4an dena hasi zen lekura itzuliko da, ekitaldi ofizial bat egiteko. Nazioarteko egiaztatzaileek, Sakolegiren katxi, zahato, speed poltsa eta “Gora  Euskadi” txano guztiak errekisatuko dituzte. “Itxi gabe zegoen azken tabernako telebistan Kanbo aipatu zuten aurrekoan, ez dakit zergatik, eta orduan akordatu nintzen nola hasi zen dena, nondik  atera nintzen eta nora itzuli behar dudan”, adierazi du Sakolegik. Bere gurasoek adierazi dutenez, gela oso bat prest daukate, Ibuprofenoz beteta, bihar esnatzen denerako.