argia.eus
INPRIMATU
“Amets erradikal bat dut”
  • Washington (AEB), 1963ko abuztuaren 28a. Martin Luther Kingek Amets bat dut hitzaldi ezaguna bota zuen. Hitzaldi horretan oinarritzen da edo, hobe esanda, hitzaldi horretara mugatzen dute gehienek hark utzitako ondarea.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2018ko maiatzaren 02a
Mississippiko polizia Martin Luther Kingi bultzaka, Beldurraren Aurkako Martxan, 1966ko ekainean. (arg: Underwood Archives)

Indarkeriarik ezaren aterkipean babestutako diskurtso moderatua zen, beltzentzako eskubide zibilak eskatzera mugatzen zena –eta ez da gutxi–, “amets amerikarrarekin” bateragarria, Malcolm X edo Pantera Beltzen diskurtso erradikalaren aldean, “onargarriagoa”.

1967ko apirilaren 4an, hil baino urtebete lehenago juxtu, New Yorken hitzaldi bat eman zuen Kingek 3.000 pertsonen aurrean. Vietnamgo gerra gogor kritikatu zuen orduko hartan, gatazkaren amaieraren nondik-norakoak AEB ahalguztidunean oraindik susmatzen ez zirenean. “Gure gizarteak jipoitutako gazte beltzak hartu eta etxetik 8.000 miliatara bidali ditugu, Georgia hegoaldean edo Harlemen ez dituzten eskubideak Asiako hego-ekialdean bermatzeko. Mutil beltzak eta zuriak elkarrekin hiltzen ikusten ditugu, eskola berdinean elkarrekin esertzen uzten ez dien nazio baten izenean. Elkartasun bortitzean ikusten ditugu herrixka txiro bateko etxolak erretzen, baina konturatzen gara ez liratekeela sekula Detroiten etxe-bloke berean biziko. Ezin dut isildu pobreen halako manipulazio basatiaren aurrean”. Arrazismoaz harago, kolore guztietako pobrezia zuen jomuga.

Eta indarkeriarik ezaren ideia zabaltzeko ere baliatu zuen Vietnam: “Ezingo nuke ghettoetako zapalduek erabiltzen duten indarkeriaren aurka egin, lehenago, argi eta garbi, egungo munduko indarkeria hornitzaile nagusiaren aurka egin gabe: nire gobernua bera”. Urtez urte, aurrekontu militarrean gizarte programetan baino diru gehiago xahutzen duen herrialdea “heriotza espiritualera hurbiltzen” ari zela gaineratu zuen. “Makinak, ordenagailuak, etekinak eta jabetza eskubideak pertsonak baino garrantzitsuagoak diren bitartean, ez gara gai izango arrazismoak, materialismoak eta militarismoak osatzen duten hirukote erraldoia gainditzeko”.    

Une horretan, prentsak gogor kritikatu eta iraindu zuen King hitz horiengatik. Gero, hitzok isilaraziko zituzten. Eta azken hilabetean, hil zutenetik 50 urte bete diren aitzakian, hedabide gehienek Martin Luther Kingen ideia antikapitalista garbiak baztertu dituzte berriro ere, ekintzailearen bertsio edulkoratua, publiko guztientzako kontsumigarria, saltzen jarraitzeko.