Harpidetza eredua Unibertsitateko adibide

argia
0
Imanol Murua Uriak EHUren Kazetaritza Graduko “Informazio Enpresa” ikasgaian azaltzen du ARGIAren kidetza eredu berria.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Lizentziatua izanik ere tabernan lan egiteak ez duela kalterik egiten konturatu eta lan-mundura egin nuen salto, Master edo tesirik egin gabe, alegia, badira urte batzuk Unibertsitate mundutik aldendu nintzela; eta zer esanik ez ARGIAko lantaldeko kideak. Orain, gurean bekadun moduan jarduten dutenek kontatzen dizkigute ikasle abenturak. Eta gure harridurarako, aipatu digute Kazetaritza Graduko “Informazio enpresa” ikasgaian ARGIAren harpidetza eredua aztertu dutela.

Imanol Murua Uria da irakaslea, eta honela adierazi digu: “erredakzioko lanekin zerikusia duten lanetan trebatzen dira ikasleak Kazetaritza Graduko beste ikasgai gehienetan; honetan, aldiz, hedabideak erredakzioa baino askoz gehiago direla jabetu daitezen saiatzen naiz. Helburua ez da kontabilitatean trebatzea, baina bai enpresa ereduak, diru kontuek eta abarrak, hedabidearen ezaugarriak eta bideragarritasuna goitik behera baldintzatzen dituztela jabetzea. Harpidetza eredu berria iragarri zenuten astean bertan aipatu nuen, ekimen ausarta eta berritzailea zela esateko. Mundu guztia negozio eredu egokiaren eta diru iturri berrien bila dabilen honetan, interesgarria iruditu zitzaidan merkatuaren ohiko logikatik ateratze hori eta ahal eta nahi duzuna eman eta nahi duzuna hartu proposamena egitea”.

Ikasleen aurpegiak ikustea ere ederra izaten omen da, “poker aurpegia jartzen dute askok” dio Muruak, “nahi duzun prezioan nahi duzun produktua hartzeko aukera hori ez baita oso ohikoa gure bizimodu honetan”, eta euskarako eta gaztelerako ikasleen artean ere erreakzioak desberdinak direla onartu digu. Hasieran harrituta, baina pixkanaka jakin-mina sortzen zaie batzuei, eta gaztelerako ikasleek ARGIA edo Berria bezalako euskarazko komunikabideak ezagututa bukatzen omen dute kurtsoa. Ez artikulu honetan, baina aztertzeko gaia da hau ere.

Adi! Ikasleren bat hau irakurtzen ari bada, aho txikiarekin kontatu digu lehengo urteko azterketako galderetako bat izan zela ARGIAren harpidetza eredua azaltzea.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA