argia.eus
INPRIMATU
Eleberri giristinoa (eta gehiago)
Aritz Galarraga 2018ko urtarrilaren 17a
Joanak joan. Yon Etxaide. Erein, 1986

Yon Etxaide, adinez 36ko gerrarekin zerikusirik izan ez zuen Hegoaldeko lehen idazlea, Mendiguren-Izagirre tandemaren arabera: obra guztizkoa nobela bat izan zuen, Joanak joan, eleberri luze, dotore, mamitsua; bete-beteko nobela, ordura arte euskal nobelak eskas izandako zerbait.1955ean argitaratu zen lehen aldiz, baina arazoa: 1986ko argitalpena, hirugarrena, da eskuragarri daukaguna. Eta aldaketak izan ziren tartean. Zein, zenbat? Zail da jakiten. Autoreari berari kasu eginez gero, garrantzitsuenak dira ponte-izenen ingurukoak (irakur gibel azalpena).

Bigarren izen bat, Pierre Topet, a.k.a. Etxahun, “bera baitugu elaberri honen ardatz, eta bere inguruan dabilzkigu itzuli-mitzulika gainerantzeko pertsonaiak, gurdia martxan jartzeko ardatzaren gurpilak bailiren”. Ez puntulari, bai zirtolari, Etxaideren arabera “ederzale bertsogintzan”. Betiere fikzioaren eremuetan: “Alegia, elaberri honetako pertsonaiak, asmatuak ez direnean, ez direla hezur-haragizko berberak, haien irudiak baizik”. Are: “Istorio horiek zinez al dira historia? Parte haundi bat, oinarrizkoa, izan daiteke, baino beste parte haundi bat ezetz esango nuke”. Asmoa baitzen tesidun nobela bat egitea: “Egiazko erlisioaren sustraia, erroa eta funtsa maitasuna dela adieraztea”. Primeran.

Eleberri giristino bat, beraz, liburuaren barne-azalak gaztigatzen digun gisara. Eta gehiago: lan koaderno bat tarteka, work in progress bat. Kolpetik, Haritxabalet jaun apezaren biografiatxo bat aurkituko baitugu. Etxahunen gudaritzaren aitzakian, Napoleonen gorabeherak. Derrepente, esango baitu: “Topetia baserriaz, honela dio Pierre Lhandek”. Eta Zintzarrotsak, Tobera-munstrak, Astolasterrak aipatuta, hasiko baita horiek zer diren luze esplikatzen. Kontziente izateraino: “Sobera saihestu gaituzu gure elaberriaren haritik”. Gehi halako klase kontzientzia bat: “Bizitza zaila eta garratza baita batzurentzat, besterentzat errexa eta goxoa izan dadin”. Gehi halako genero kontzientzia bat: “Ez dezake, bestalde, gizonak emaztea menpera, bizi-laguntzat eduki baino, bere eskubide guztien jabe oparo eginaz”.

Eleberri luze, dotore, mamitsua; bete-beteko nobela, ordura arte euskal nobelak eskas izandako zerbait. Oraindik ere eleberri kostunbrista, mundu modernoa konkistatzeke duena, baina, nahi gabe bada ere, eleberri postmodernoaren urrin batzuk askatzen dituena.