argia.eus
INPRIMATU
Natza Farré. Umorea salbazio
“Susmo txarra hartzen diot abenduaren 21ari”
  • Kazetaria, gidoilaria eta idazlea da Natza Farré (Bartzelona, 1972). 2009an Rac1 irrati katalana La competència umore irratsaioaz erditu zenetik, gidoilarietako bat da. Iaz argitaratu zuen bere bigarren liburua, Mikrouhin labeetarako feminismo ikastaroa, Katalunian salduenetako bat.

Saioa Baleztena @Saioabaleztena 2017ko abenduaren 19a
“Entzule gehienek eskertzen dute umorea euren etxeetara eramatea, baina Katalunian sentiberatasuna zabalduago dago orain eta tarteka kritikaren bat jaso dugu. Adibidez, gobernu erdia atxilotu eta biharamunean horren izkirimiriak egiteagatik”. (Arg.: Jordi
“Entzule gehienek eskertzen dute umorea euren etxeetara eramatea, baina Katalunian sentiberatasuna zabalduago dago orain eta tarteka kritikaren bat jaso dugu. Adibidez, gobernu erdia atxilotu eta biharamunean horren izkirimiriak egiteagatik”. (Arg.: Jordi Borràs)

Katalunia salbuespen egoeran murgilduta dago. Nola bizi duzu?

Kazetaria naizen aldetik, interes handiarekin bizi dut Kataluniako testuingurua, baina, herritar gisa, ezinegonez lepo. Pentsa ni ez naizela orain ugaritu diren independentista iritsi berri horietako bat. Ni betiko independentisten labekadakoa naiz. Baina institutuko garaian lau katu ginela kontuan hartuta, orain nagusitu den mobilizazioa ikustea kitzikagarria da. Zoritxarrez Espainiako Gobernuaren gupidagabetasunak kezkatuta gaitu.

Nola aurreikusten dituzu Mariano Rajoyk deitu dituen bozak?

Oraindik ere azaldu behar didate zer gertatzen ari den, nik ez baitut ulertzen. Inposaketak beti haserrearazi nau. Norbaitek azaldu beharko dit noizbait, 2015eko irailaren 27an eta pasa den urriaren 1ean bozkatu nuenak zergatik ez duen ezertarako balio izan. Gure bozak orain arte ez dira errespetatu, eta nork bermatzen du hirugarren hitzordu honetako emaitzak errespetatuko direnik? Susmo txarra hartzen diot abenduaren 21ari.

Zer gertatuko da biharamunean?

Nazioarteko bitartekotasunik ez badago, orain arte gertatutakoa berretsiko da: Rajoyren gobernuak Espainiaren batasunaz hitz egingo du bakarrik, eta hortik haratago doan guztiari ateak itxiko dizkiote. Beraz, errepresioa mugarik gabe luzatuko da.

Kontuak kontu, umorearen bidetik jarraitzen duzu Rac1-en. Zaila da une beltzetan umorea egitea?

Zaila da, baina ez hainbeste gertatzen denagatik, baizik eta jendeak egoera bizi duen moduagatik. Bederatzi urte daramatzagu saio hau egiten, eta noski, pertsonalki bizitzako kapitulu gogorrenetan ere buru-belarri aritu naiz: goizean goiz saioa egiten nuen eta arratsaldean hiltzear zen lagun batekin nintzen, adibidez. Hori hala da eta ez dago besterik. Orain gertatzen dena da sentiberatasuna zabalduago dagoela. Entzule gehienek eskertzen dute umorea euren etxeetara eramatea. Baina tarteka kritikaren bat jaso dugu. Adibidez, gobernu erdia atxilotu eta biharamunean horren izkirimiriak egiteagatik.

Umorea zure bizitzako hainbat alorretan agertzen da. Baita iaz publikatu zenuen Mikrouhin labeetarako feminismo ikastaroa liburuan ere. Feminismoaren osasuna hobetu al da?

Kontzientzia berriak esnarazten ari gara eta, hein batean, independentismoarekin gertatu denaren antzeko zerbait pasa dela esango nuke, puztu da azken urteetan. Tira, liburua katalanez idatzi nuen, diskretua da, eta urte bakarrean sei edizio egin ditugu. Matxismoak berezkoa zuen isiltasuna hautsi dugu eta borrokarik garrantzitsuenen lehen urratsa hori da.

Uste al duzu feminismoa matxismoa baino okerrago ikusita dagoela gure gizartean?

Zalantzarik gabe. Hori da gure gizarteko paradoxarik handienetako bat. Estereotipoek mugitzen dute gizartea, eta feministak itsusi eta erotzat hartzen dira oraindik. Zorionez errealitatea estereotipoetatik haratago doa. Baina etsigarria da mendetan iraun duen gaitz kroniko hau XXI. mendean salatzen ibili behar izatea.

Kazetaria zara. Uste duzu komunikabideok indartzen ditugula aipatzen dituzun estereotipo horiek?

Noski. Zorionez telebistarik gabe bizi naiz. Baina lehengo egunean ikusi egin nuen, eta konturatu nintzen garbiketa produktuak oraindik ere emakumeekin lotzen dituztela bakarrik. Tira, estereotipoen kontrako borroka nekagarria da.

Politikarien artean parekotasunetik gertuago gauden arren, komunikabideetan gehiago dira beti gizonezkoak. Zergatik?

Ez dago aldagai bakarra. Telebistetan, adibidez, gizonezkoak meharrak, potoloak, ederrak zein itsusiak izan daitezke. Emakumezkoak ez. Zoragarriak izan behar dute, gehienetan. Hori berez bada muga bat. Baina ez hori bakarrik; niri pasa izan zait, saioren batera joateko deitu didatela eta, hamaika arrazoi tarteko, ez zaidala bateragarria izan. Gauean bada, adibidez, emakume askok ezetz esan behar izaten dute seme-alabak izanik afaltzeko ordua delako. Besteak beste, etxeko lanak emakumeok egiten ditugulako gehiago oraindik. Tira, gizonezkoek, oraindik ere, malgutasun handiagoa izaten dute.

Kataluniako hainbat telebista katetako mahai-inguruetan aritzen zinen lehenago. Zergatik utzi zenuen?

Ez nintzelako eroso sentitzen. Telebista zein irrati mahai-inguruen formatua birplanteatu beharko litzateke, ez baitu argudioak behar bezala garatzen uzten, eta beraz, herrenka ibiltzen zara behin eta berriz azaldu nahi duzuna ezin izan duzulako bukatu. Larrituta joaten nintzen lotara, egiten nuenarekin gustura ez negoelako. Zutabeak idatzita hobeki sentitzen hasi nintzen eta horretan nabil. Agian asoziala naizenez idatziz hobeto nago –barrez–.

Ezkor baina iraunkor

“Feminista eta independentista naiz, nahiz eta borroka bakarra aukeratu beharko banu, feminismoari eutsiko niokeen, zalantzarik gabe. Bizitzaz, munduaz eta gizadiaz, orokorrean, ikuspegi apokaliptikoa dut eta, betidanik, ezkortasunetik bizirik ateratzeko bidea izan da niretzat umorea. Testuingururik beltzenetan ere, barrutik ateratzen zaizun ezaugarria da umorea. Beraz, ogibide guztietan bezala teknikak ikasi daitezkeen arren, esango nuke umorea egiten dugunon gaitasuna jaiotzetikoa dela”.