Plastikozko jostailuak oparitzetik egurrezkoak oparitzera igaro ginen, lehenik. Egindako opariak oparitzetik egitekoak oparitzera, gero.
Orain etxerako banbuzko sushi-kit bat oparitzen dugu. Edo Marokoko tajinetan inspiratutako terrakotazko slow-cooker-a. Are hobeto. Urte osorako Kundalini yoga ikastaroa. Izen-ematearekin batera, Indonesiako Gunung Leuser parke naturala oihan-berritzeko landatuko den zuhaitz-hazi bat erosten ari zara. Egin yoga; salbatu orangutanak. Kalamuzko estera opari.
Orain enpresa trendy-etan, langileentzako turroia eta urdaiazpikoa eskaini ordez, Japoniako Nendo dango sisteman inspiraturiko Green Bomb-ak dira gabonsari. Barruan landare aromatikoren baten hazia biltzen duten buztinezko pilotak, loreontzi biodegradagarri eta guzti. Pagotxa.
Badira, ba, bizkotxoak erraz egiteko hauts-zorroak, supermerkatuetan? Ura bota, arrautzak gehitu eta labean sartzekoak? Ba, aspaldi asmatu omen zuten arrautza ere zorroan zeraman errezeta. Ura gehitu eta labera sartzekoa. Ez omen zen saltzen, ordea. Ez zuelako “norberak” egina zela esateko moduko bizkotxorik ematen. Kapitalismoak dena jaten omen du.
Gure ahotik jan ere.