Landareak Lantzen, bigarren argitaraldia

argia
0

Sekula ez al zaizu pasa, irakurle baratzezain, urte batean ilarrak mundial atera, datorren urtean zein egun eta ilargialditan erein zenuen gogoratu nahi, eta ezin? Orain badu konponbidea horrek! Jakoba Errekondoren eta Antton Olariagaren eskutik heldu zaigu nobedadea: baratzeko agenda.

Badator urte berria eta 2018ko lehen egunetik agenda hau martxan edukitzeko, abendua garai aproposa dugu berau eskuratzeko. Eta liburu-dendan zenbat aukera… Zer berezitasun du agenda honek? Gure egunerokotasuneko lan eta oharrak baino, gure baratze eta lorategien eguneroko lan eta oharrak apuntatzeko balio digu Landareak Lantzen baratzeko agendak. Agenda praktiko bat da. Zer noiz eta nola egiten den azaltzeko gomendioak emango dizkigu, ilargiaren gorabeherak eta posizioak eskainiko dizkigu, eta norberak bere lanak apuntatu ahal izango ditu. Aurrera begira baliagarri izango zaigu informazio hori guztia, datorren urtean oroitu nahi badugu zer, zein garaitan, zein ilargialditan edo nolako eguraldia zenean egin genuen, agendan jasota izango baitugu.

Dagoeneko bigarren edizioa

Aurkezpenak egiten hasiak dira dagoeneko herriz herri, eta oso harrera ona izaten ari direla ziurtatu digu Jakoba Errekondok. “Lagun asko gerturatu zaigu agenda berria ezagutzera, eta asko izan dira eurentzat alea erosi eta zer den ikusi ondoren beste aurkezpen-saio edo azoka batera gerturatu eta ingurukoren batentzat opari moduan erosi dutenak”, adierazi digu usurbildarrak. Horren erakusgarri da, salmenta gune nagusi den Durangoko Azokara iristerako bigarren argitaraldia egin behar izan dela.

Durangoko Azokan

Irailetik urte amaierara bitarte berrogei bat aurkezpen aurreikusten dituzte egileek. Plaza garrantzitsuak dira herriz herriko bisitak, noski. Eta Durangoko Azoka da beste elkargune garrantzitsuetako bat. Abenduaren 6tik 10era Landakoko azken urteetako ARGIA eta Bizi Baratzearen txokoan egongo da egunero Jakoba Errekondo aleak sinatzeko, bertaratutakoen zalantzak argitzeko, kontsultak egiteko… Abenduaren 7an eta 9an Antton Olariaga ere ariko da ARGIA eta Bizi Baratzearen txokoan, marrazkiak eginez. Eta Landeak Lantzen agendaren aurkezpena abenduaren 9an izango da, 18:00etan. Jakoba Errekondo, Antton Olariaga eta Pello Zabala izango dira bertan.
Baina Durangora joan arte itxaron nahi ez dutenentzat, agenda eskuratzeko aukera hementxe duzu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA