argia.eus
INPRIMATU
Katalunia, Espainiaren aukera
Itziar Bardaji Goikoetxea 2017ko urriaren 19a

Hamaikagarren aldia da Espainiako Estatuaren izaera inperialista eta totalitarioa konstituzioaren atzean ezkutatzen ikusten ditugula PP eta PSOE. Itxurak besterik ez dira, izan ere, Espainiako Estatuan (mundu osoan ez bada) demokrazia hitz hutsa dela antzezlan honetako aktore guztiek ongi dakite. Guztiek. Espainiako ezkerrak ere bai.

Bere burua ezkerrean kokatzen duten espainolek, kontinente oso bat masakratu eta ustiatu zuen inperioaren eta frankismoaren oinordeko izateari utzi eta beste zer edo zer egiteko benetako gogoa badute, Kataluniak bizi duen zapalketaren aurrean badute giltza bat. Hau katalanen afera hutsa dela pentsatzea, eta elkartasuna parametro horietan ulertzea, akats bat da. Orain da garbia Espainiako Estatua zer den. Alderdi politikoak, komunikabideak, enpresa handiak eta bankuak eta Europar Batasuna; denak dira ageri bere benetako tokian erretratatuta. Orain da inperioaren zimenduak astintzeko momentua.

Baina non daude bestelako Espainia bat defendatzen dutenak? Elkarretaratze apal pare batekin konformatuko al dira? Gerra zibila irabazi zietenen aurrean, kronikoki galtzen jarraituko al dute?

Haiek gabe Katalanek jai dute. Eta euskaldunok, ere bai.