argia.eus
INPRIMATU
Gar asko
  • Dagoeneko piztu dugu sukaldeko ekonomika etxean. Uda guztia surik gabe igaro ondoren lehen suak dena aldatzen du: ateak eta leihoak itxi behar dira, ke usaina pixkanaka etxe guztiaz jabetuko da, uda bazter batean zokoratuta pasa duen sofa sutondora ekarri, otorduak beste abiadura batean egingo dira su gainean...

Jakoba Errekondo 2017ko urriaren 03a

Aurtengo su sasoiari iaz erre gabe geratutako su egur kondarrekin ekin diogu: sasiakazia (Robinia pseudoacacia) eta haritza (Quercus robur). Aurten, aldiz, haritz gorria edo haritz amerikanoa edo ipar haritza edo norteko haritza deitzen dena ekarri dugu, Quercus rubra. Aurtengo horrek zer portaera izango ote duen ikuskizun da, janaria prestatzeko bezala etxea berotzeko.

Urte asko ez dela, kamioikada bat pago adaki ekarri genuen, Fagus sylvatica. Pagoak izugarrizko sona du, su egile onarena, alegia. Geure etxean bi urtez ederki frogatu genuen. Gar ederra ematen du, eta sukalderako oso ona da. Ez hainbeste txingarretan iraun eta etxeari luze-bero eusteko. Horretarako, hariztarrak hobeak dira. Egur gogor eta astunak; aipagarrienak abaritza (Quercus coccifera), erkametza (Quercus faginea), ametza (Quercus pyrenaica), artelatza (Quercus suber), artea (Quercus ilex) eta tartaka edo zarbazta (Quercus ilex subesp ballota) dira. Horietako batzuei gazteleraz, baita zenbait euskaldunek ere, carrasco deitzen diote, eta “gar asko”-tik datorrela esaten duenik bada.