Demokrazia, giza eskubideak eta hizkuntza

  • Giza eskubideen aitortza eta bermea dira sistema politiko demokratiko bat ondoen ezaugarritzen duen elementurik adierazkorrena. Eta giza eskubideen bi funtsezko balioak dira berezko duintasunaren errespetua eta pertsonon berdintasuna.

Pertsona guztiak, hala izate hutsagatik berez ditugun eskubide komunen multzoa dira giza eskubideak. Izan ere, hala jasotzen da Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean: “… ez da inor diskriminatuko arraza, larru kolorea, hizkuntza, erlijioa, iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia maila, jaiotza edo beste inolako goraberengatik…”.

Hori horrela, lurraldekoa/norberaren hizkuntza erabili nahi eta ahal izatea giza eskubideen parametrotan kokatu behar dugu. Esan dezakegu giza eskubideen dimentsio linguistikoa direla oinarrizko hizkuntza eskubideak. Norbere hizkuntzaz baliatu, hura erabili eta garatzeko eskubidea. Gainontzeko eskubideen bermea bezain funtsezkoa pertsonen ongizatea eta duintasuna bermatzeko.

Gutxieste historia luzea pairatu dute hizkuntza-eskubideek Nafarroan. Eta hizkuntzarengatik egun bereizkeria sortzen jarraitzen duen funtsezko elementua da 1986ko Euskararen Foru Legea. Legean jasotzen diren hizkuntzaren inguruko irizpideak pertsonen arteko sailkapen bat egiten dute. Herritarren arteko bereizkeria eta baztertze soziala sortzen du.

Praktikan, batzuei eskubidea aitortzea eta beste batzuei ukatzea pertsona batzuk beste batzuen gainetik jartzea da. Hizkuntza hautua dela eta egiten den diskriminazioan pertsona bera dago bereiztua bere mintzatzeko maneragatik.

Botere politikoek bere administratuei eskubide berberak aitortzen ez dizkien bitartean, hizkuntza hautua egiteko eskubidea bermatzen ez dien bitartean, praktikan giza eskubideak urratzen dira. Nafar oro berdina da betekizun fiskaletan, administratiboetan… ez, ordea, hizkuntza eskubideei dagokienean.

Eskubideen alde egiten dugu; ez da saltzen dugun gauza bat, bete nahi duguna baizik. Euskaraz bizi nahi duten herritarrek sentitu nahi dute euskara baliodun hizkuntza bat dela, egokia eta baliozkoa. Eta giza eskubideek euskal hiztunok  pairatzen duguna azaltzeko eta interpretatzeko marko bat eskaintzen digute.

Desabantailan bizi den jendea edota komunitateak existitzen diren bitartean defizit egoera bat izango du demokraziak. Lurralde bateko afera linguistikoak ere agerian jartzen du zernolakoa, zein garapen maila eta zein osasun duen demokrazia batek; herritar guztiei eskubide berberak aitortzen ez bazaizkie eta aukera berberak ez badituzte edota, hizkuntza arrazoiengatik bazterkeria sufritzen duten herritarrak baldin badaude, demokrazia (linguistikoan) sakontzeko ahalegina eta indarra egin behar da.

Hizkuntza eskubideen eta giza eskubideen arteko harremanaren ulerkuntza eta horren sakontzea ezinbestekoa da. Giza eskubideen unibertsaltasunean sinisten badugu, has gaitezen guztiok, eta lehen lehenik gobernu eta indar politikoak eguneroko bizitzan pertsona orok eskubide eta aukera berdinak edukitzea galarazten duten hainbeste oztopo ezabatzearen aldeko jardunean.

Asko dago egiteko zentzu horretan. Hitz eta kontzeptu horietaz jabetzeak ondorio positiboa baino ez baitu izango nafar guztien arteko elkarbizitzan. Guztiok kabitzen garen etorkizuna irudikatu behar dugu.

Garbiñe Petriati Ijurra Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria da


LARRUN
2017ko irailaren 24a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude