argia.eus
INPRIMATU
Basoa udan: lan eta lan
0000ko ren 00a

Zertan da basoa udan? Zein fase bizi du urtaro oparo honetan? Jakoba Errekondok eta Miel Mari Elosegik bat egin dute azalpenean: udan lanean ari da basoa, hosto guztiak aterata eguzki energia aprobetxatzen, fotosintesia egiten, bere gorputza fabrikatu eta zabaltzen, udazkeneko uztarako eta negua pasatzeko prestatzen. “Udan dena dago bor-bor: landareak, animaliak, perretxikoak… Guztia!”, dio Errekondok. “Basoaren iraupenerako fase garrantzitsuena da uda”.

Gizakion biziraupenerako ere ezinbestekoak dira basoak, beharrezko dugun oxigenoa sortzeaz gain igortzen dugun karbono dioxidoa xurgatzen baitute. Zuhaitz motaren eta bestelako ezaugarrien arabera aldakorra izanik ere, U.S. Forest Service and International Society of Arboricultur erakundearen arabera, zuhaitz hektarea batek 19 pertsonarentzako adina oxigeno sortzen du urtean. Horrek esan nahi luke, adibidez, Arabako biztanleen erdia Izkiko basoak sortzen duen oxigenoari esker bizi dela. Ez da makala!