Arnaldo Otegik 180 graduko aldaketa eman nahi dio bere ibilbide artistikoari EH Bilduren denboraldi berrian. Koalizioaren programazio-arduradunek aurreratu dutenez, alde batera utziko du azken urteetan jokatu duen Nelson Mandelaren rola eta Kataluniako presidentea izango da aurki estreinatuko diren kapituluetan. “Egia esan, sinesgarriago geratuko da”, azaldu du Aingeru Txadonaburu gidoilariak. “Arnaldo ez zegoen oso konbentzituta aurpegian betuna jartzearekin eta, tira, aurpegi zuridun Mandela bat, denok dakigu ez dela oso sinesgarria”. Lluis Llongueras ile-apaintzaile kataluniarra fitxatu dute Otegiren ilea kardatu eta Puigdemont sinesgarri bat eman dezan. Elgoibarko politikariak alboan izango du berriz ere Pernando Barrena, zeina, diotenez, oso trebe dabilen Oriol Junquerasen paperean.