Herritar xumeen erbesteaz

1937ko otsailean Zumaiatik kanporatutako emakumeak euren haurrekin (argazkia: 'Baleike').
1937ko otsailean Zumaiatik kanporatutako emakumeak euren haurrekin. (Argazkia: 'Baleike')

Bertolt Brechtek Langile baten galderak poesian, aditzera ekarri zuen herri xumearen bazterketa. Hitz horiek ongi doazkie 1936 eta 1939ko kinkan erbestera joan ziren milaka eta milaka euskaldunei. Izan ere, goi mailako politikari zein intelektualen atzerriratzea historiara eraman eta nonahi azaldu den bitartean, beste herritarren antzeko patua zokoratu egin izan da. Egun, harriduraz eta zerbait ezezaguna izanen balitz bezala egin dituzte omenaldiak euren herritik indarrez kanporatuak izan ziren emakumeen alde. Ba zen garaia! Memoria historikoan ahatetxo itsusiaren parean gelditzen ari den erbesteratzea puska batean bederen berreskuratzeko; egiari zor diogulako eta gaur Europan gertatzen ari diren antzeko tragedien aurre-oihartzun zuzena delako.

1936ko gerra zibilaren ondorioz izandako erbesteratzea, Espainiako Estatuko herrialdeen historian handiena izateaz gain, klase eta esparru guztietako herritarrak zanpatu zituen. Eta ez soilik Retirada ezagunean –1939ko otsailaz geroztik Gironako mugetatik landa izandako hartan–, baita gerraren hasieran ere. Jakina denez, Espainiako militar errebeldeek egindako estatu kolpearekin, lehen momentutik eman zion ihesari jendeak, multzo txikiagotan bazen ere. Frankistek aurrera jo zuten heinean, ihesaldi horiek hauspotu zituzten.

Lehen erbesteratze masiboa Irungoa izan zen. Milizianoekin batera milaka herritarrek zeharkatu zuten Bidasoa, haurrak eta helduak, Iparraldean babesa bilatzeko asmoz. Egun batzuetako ihesa izanen zelakoan, askorentzat gerra bitarteko bilakatu zen iraun bitartean, beste batzuentzat itzulerarik gabeko bidaia.

Gerra frontea egonkortu arren, barne deserriek jarraitu zuten. Atzeguardian kokatuta zeuden herrietatik ehundaka andrazko kanporatu zituzten euren haurrekin, susmagarriak zirelakoan. Hilabete batzuk geroago Bizkaiaren aurkako erasoaldiak sortutako bigarren erbesteratze masiboaren aurrekaria izan zen hura. Zarauztik, Zumaiatik, Getariatik, Azkoititik... ehundaka lagunek segizio tamalgarriak egin zituzten errepideetan barna. Baina latzena iristear zegoen: faxistek inpunitate osoz egindako bonbardaketek argi eta garbi utzi zuten inor ez zela salbu. Erabateko gerra zen. Hala, haurren erbesteratze handiak antolatzen hasi ziren Bizkaiko portuetatik. Ondorioa zein izan zen badakigu: 20.000 haur baino gehiago sortetxea lagata gerra amaitu arte laketu ziren Britainia Handian, Frantzian eta Belgikan, eta 1960ko hamarkada arte Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean.

Haurren deserriratze horrek erakutsi zuen zer etorriko zen ipar frontea oso osorik frankisten esku geratzen zenean: Kantauriko kostaldeko portuetatik soldaduak, buruzagi politikoak eta herritarrak itsasoratu ziren, Nantesen, Saint Nazairen, La Pallicen edo Pauillacen lur hartzeko. Haietako asko Frantziako kolonietan geratu ziren, beste zenbaiti hango familiek eman zien ostatu, eta askok Kataluniara jo zuten, behin-behineko aterpe bila.

1939ko urtarrilean frankistek Katalunia jarri zuten jomugatzat. Orduan, behin betiko erbesteratzea iritsi zitzaien 1936-1937tik etxetik kanpo zeuden euskal errefuxiatu horiei guztiei. Frankistak Bartzelonara hurbildu zirenean hasi zen ihesaldi handiena. Retirada hitzarekin historiara igaro den atzera-egite hark errefuxiatu kopuru ikaragarria sortu zuen. L’Illustration frantziar astekari eskuindarrak horrela deskribatu zuen: “Espainiarrek Frantzia aldean hasitako exodoa, hartu duen muntarengatik, irudiezina da. Herri oso bat badoa: aberatsak, pobreak, burgesak, merkatariak, nekazariak, beharginak, armadakoak, zama animaliekin, gurdiekin, autoekin, gerra tresnekin nahastuta”. Bat datoz lekukoak eta historiagileak esatean 500.000 inguru izan zitezkeela. Era berean, Frantziako Gobernuak errefuxiatu horiekiko izandako jarrera salatzeko unean ere zalantzarik ez dago: agintariek azken unera arte mugak itxi zituzten, eta onartu zutenean ihesean zetorren jendetza Frantzian hartzea, “harrera” berezi samarra eman zieten.

Mugak zeharkatutakoan, jendarme frantziarrek milizianoak desarmatu eta goitik behera miatu ostean, gertuen zeuden kontzentrazio guneetara eta Argeles, Saint Cyprien eta Le Barcaresko kontzentrazio hondartzetara eraman zituzten, txarrantzez eta militarrez inguratutako eremuetara. Miliziano ez zirenak, berriz, barnealdeko aterpeetara bidali zituzten. Nolanahi ere, agintari frantziarrek egundoko indarra jarri zuten jendea lehenbailehen Espainia frankistara itzul zedin. Askok onartu zuten hori egitea. Halaber, Frantzian gelditu zirenek Estatu frantziarraren desbideratze faxista jasan behar izan zuten II. Mundu Gerra medio, lehenik Daladier eta Reynaudekin, eta ondoren Petainena Vichyko erregimenarenarekin.

Mundu gerra amaitu zenean ez zen homologaziorik izan Espainia eta Europako garaile demokratikoen artean. Erbestea betiko izanen zen, ez bakarrik goi mailako agintari edo arduradun politikoentzat, baita Bertolt Brechtek gogoratzen zituen herritar xume horientzat ere.


ASTEKARIA
2017ko apirilaren 30a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude