argia.eus
INPRIMATU
Otarra bioelkartea
“Ekologikoan ere denak ez du balio”
Garazi Zabaleta 2017ko apirilaren 16a

25 urte. Mende laurdena bete du aurten Martuteneko (Donostia) Otarra Bioelkarteak. Kontsumo arduratsua bultzatzeko asmoz jarri zuten martxan proiektua 1992an, eta helburu berarekin jarraitzen dute lanean gaur egun ere. Ingurumenarekin errespetuan sortutako elikagaiak eskaintzen dituzte elkartearen dendan, osasuntsuak eta ekologikoak. “Otarra martxan jarri zuten garaian jendeak oraindik ez zekien ekologikoa zer zen ere, eta ez zegoen gaur egun daukagun barietaterik”, kontatu digu Lourdes Martin elkarteko kideak. Kontsumo ohituren urteotako bilakaeraz aritu gara berarekin hizketan.  

 

 

Tokiko denda txikiak vs. saltoki handiak


Produktu ekologikoen kontsumoa eta ezagutza asko handitu dela argi du Martinek, baina azken urteetako bilakaeraren alde negatiboa ere ikusten du: “Lehen ia dena agroekologikoa zen, bazenekien kalitate onekoa zela. Gaur egun, ‘ekologiko’ deitzen diogun horren barruan ere kontu handiz ibili beharra dago”. Izan ere, saltoki handietako “bio” edo “eco” ataletan, tokiko eta garaiko produktuak beharrean, milaka kilometrotatik ekarritako produktuak saltzen dituzte askotan: Costa Ricako ananak, Argentinako sagarrak… “Denak ez du balio”, dio Martinek. Zentzu horretan, Otarra Bioelkartean garrantzi berezia ematen diote produktuak ekologikoak ez ezik, tokikoak eta garaian garaikoak ere izateari. Inguruko ekoizleekin zuzeneko harremana du elkarteak, eta atzerritik ekartzen dituzten produktuak –txokolatea, kafea, panela azukrea– bidezko merkataritzakoak izaten dira. Bestalde, ahal duten guztia soltean saltzen dute, pisura, ontziratuta beharrean: arroza, artatxikia, fruitu lehorrak, azukrea…


Bazkideen parte-hartzea bultzatzen


Dendako eskaintzatik harago, azken urteetan produktu ekologikoei eta osasunari lotutako hainbat ekimen ere antolatu ditu Otarra Bioelkarteak, hitzaldiak edota sukaldaritza tailerrak, besteak beste.
    Orain, elkarteko bazkideen parte-hartzea bultzatzeko asmoz, martxan jarri dute ideia berria: bazkide bakoitzak urtean hiru ordu behintzat dendan laguntzea da proposamena. Denen inplikazioa oraindik lortu ez badute ere, begi onez ikusten du Martinek ekimena: “Jendea ari da pixkanaka elkarlanean, Otarraren jardunean parte-hartzen.