argia.eus
INPRIMATU
Umore eman gabe
Miren Artetxe Sarasola 2017ko martxoaren 15a

Umoreak umore izateko, igorlearen eta hartzailearen mundu ikuskera partekatua behar omen du. Gutasun bat, bestetasun batek definitua. Gu ez-ezjakinak. Gu ez-emakumeak. Gu ez-baserritarrak. Ez-homosexualak. Ez-ijitoak. Eta jakinik ez dagoela umore neutrorik, testuinguruaren baitan zein guk zein besteri egiten dion barre, horren arabera izango da umorea subertsiboa edo statu quoaren aldekoa, zapaltzailea ala askatzailea.

Ez gaitezen engaina, ordea. Beltzek izango dituzte zuriei buruzko txisteak, baina, ezin esan txiste horiek arrazistak direnik, ez dutelako atzean mendetako egiturazko zapalkuntza historia bat. Besterik da beltz talde batean dagoen zuria deseroso sentitu daitekeela txiste horien osteko barre-algaren artean. Umoreak horixe du, kamarada.

Zapalkuntza harremanak gurutzatu ere egiten dira, ordea. Bertakoaren eta etorriaren artean. Langilearen eta nagusiaren artean. Eta hor hasten da kontua korapilatzen. Hor koka liteke eztabaida.

Baina, zertarako egin saltsa hain mehe? Botereak erabaki du umore jakin bat iraingarria dela batzuentzat eta, beraz, onartezina denontzat. Atera du aniztasunaren eta elkarbizitzaren jokerra eta orain barkamena eskatzea dagokionari dagokio eta ongi merezia du zigorra.

Ez zaigu umorea fintzea besterik gelditzen.