argia.eus
INPRIMATU
Gobernantza eredu berriak lantzen
Garazi Zabaleta 2017ko martxoaren 16a

Elikadura subiranotasuna lantzea eta lanketa horretan genero ikuspegia ere txertatzea. Hori da Mugarik Gabe Nafarroa, Mundubat eta IPES fundazioek elkarlanean abiatu duten proiektuaren ideia nagusia. “Elikadura burujabetzaren eta genero berdintasunaren ikuspegitik, gobernantza lokal eta transformatzaile baterantz” izenburupean, Nafarroako bost merindadetatik pasatuko dira proiektuko kideak. Urtarrila Lizarraldean eta otsaila Tafallan pasatu ondoren, martxoan Tuteran izanen dira eta maiatzera arte ez dira geldituko: Zangozara eta Pirinioaldera eta Iruñeko eta Nafarroa iparraldeko merindadeetara eramanen dute proiektua.


Elikadura burujabetza batetik…


“Elikadura burujabetzaren gainean solas egitea da gure helburua, gaia mahai gainean jartzea”, azaldu digu Maialen Chantre Irazoki Mugarik Gabeko kideak. Gaia erakunde publikoetan diharduen jendearekin lantzea ezinbesteko iruditzen zaie, horregatik garrantzia berezia eman diote udaletako teknikari, zinegotzi nahiz alkateek ere prozesuan parte hartzeari.
    Hasieratik zonalde bakoitzeko eragileekin eta garapen agentziekin harremanetan egon dira proiektuko kideak, elkarlana bultzatzeko. Merindade bakoitzean instituzioetako jendearekin formazioa, “Baratza kritikoa” erakusketa eta azoken eragin sozioekonomikoak aztertu berri dituzten EHUko ikerlarien hitzaldia ari dira antolatzen.


…genero berdintasuna bestetik


“Proiektuan egin dugun lehen gauza eskualde bakoitzeko lehen sektoreko emakumeekin elkartzea eta tailer bat egitea izan da”, kontatu digu Mugarik Gabeko kideak. Egunerokotasunean dituzten oztopoak biltzea, baina batez ere sektore barruan emakume izateagatik dituzten gainkargak jasotzea da helburua. Bost tailer egin dituzte guztira, eta 40 emakume inguruk hartu dute parte. “Eskualde bakoitzeko emakumeekin egindako tailerretan ateratako arazo eta kezkak helarazten dizkiogu toki horretako instituzioei”, dio Chantrek.
    Ideia, orain, bildutako informazio guztiarekin dokumentu bat osatzea da, edonorentzat eskuragarri jartzeko eta instituzioetara eta Nafarroako Gobernura bidaltzeko. Hori osatu bitartean, falta diren eskualdeetan gaia lantzen jarraituko dute, elikadura sistemaren antolaketa aztertzen eta horren aurrean dauden alternatibak lantzen.