Hiztegian aurkituko ez dituzun txori izenak

  • Euskal Herriko hegaztiei buruzko webgunea sortu du Asier Sarasua biologo eta filologoak: txoriak.eus. Helburu nagusia txorien euskarazko izenak biltzea da, baita horien inguruko informazioa ematea ere. Hortaz, bi alderdi jorratu ditu Sarasuak webgunean: batetik ornitonimia (txori izenak), eta bestetik ornitologia (hegaztiak aztertzen dituen zoologiaren adarra). Natur ondarea eta ondare linguistiko eta kulturala uztartu ditu. 

Biologo, txorizale, filologo eta dialektologia zale izanda, horrelako egitasmo bat sortzera kondenatuta zegoela uste du Asier Sarasuak. 1990eko hamarkadan hasi zen Eibarko baserritarrak elkarrizketatzen. Orduan konturatu zen, berak ikasketetan eta liburuetan ikasitako txori izenak ezezagunak zirela bertako baserritar eta ehiztarientzako. Haiek beste hitz batzuk erabiltzen zituzten, Sarasuak, biologo eta filologo izan arren, ezagutzen ez zituenak.

Hegaztien euskarazko izen gehiago jasotzeko asmoz, elkarrizketak egiten hasi zen Eibar inguruko herrietan. Azkenerako, proiektua Euskal Herrira zabaltzea erabaki zuen, eta dagoeneko elkarrizketak egin ditu zazpi lurraldeetako hainbat herritan.

1990eko hamarkadan hasi arren, denbora batez beste proiektu eta lan batzuetan ibili da Sarasua. Azken bi urteetan ekin dio berriz ere egitasmoari, horrelako gai baten inguruan euskaraz material gutxi dagoela ikusita. 2016ko abenduan, urtetan bildutako guztia erakusgarri jartzeko txoriak.eus webgunea sortu zuen.

200 elkarrizketa

Proiektuaren egile bakarra da Asier Sarasua. Afizioz sortu du txoriak.eus egitasmoa, eta galzorian zegoen txori izenen ondarea batzeko eta katalogatzeko asmoarekin ekin dio berriz ere. Horretarako, hainbat gai landu ditu webgunean.

Batetik, alderdi naturalistiko edo zoologikoa jorratu du. Hegaztien zerrenda osatu eta horien inguruko informazio biologikoa jarri du webgunean. Txori bakoitzari fitxa sortu dio. Bertan azaldu du noiz eta non ikusi daitekeen hegazti bakoitza, eta zeintzuk diren horretarako dauden habitat eta txoko egokienak. Horrez gain, hedadura-mapak, argazkiak eta bestelako multimedia edukiak txertatu ditu fitxetan. Hegazti bakoitzak egiten duen hotsa ere entzun daiteke.

Txoritokiak izeneko atal bat ere landu du Sarasuak. Euskal Herriko eta inguruetako biosfera erreserba, parke eta aintziren inguruko informazioa azaldu du. Oraingoz, Urdaibaiko biosfera erreserba, Santoña, Txingudi, Salburua eta Pitillasko hezeguneari buruzko materiala argitaratu du, baina aurrerago beste batzuk ere lantzeko asmoa du. 

Asier Sarasua:
“Baserritarrek eta ehiztariek esandakoetan nabarmen ikusten da, ugaztunetan, anfibioetan eta perretxikoetan ez bezala, hegaztietan hitz gehienak euskara batutik urrun daudela, eta askotan hiztegietatik kanpo”

Azkenik, txorien euskal izendegia osatu du biologo eta filologoak, hegaztiek Euskal Herriko eskualde bakoitzean jasotzen duten izena zehaztuz. Horretarako, 200 elkarrizketa egin ditu, eta hainbat liburu eta artikulu ere begiratu ditu.

Hiztegia osatzeko oinarrizko iturria ahozkoa da   

Adineko baserritar, ehiztari eta arrantzaleak elkarrizketatu ditu Sarasuak. Lehenengoak 1990eko hamarkadan, eta azkenak 2017ko urtarrilean. Aurrerago ere beste batzuk egingo dituela azaldu du.

Hiztegia osatzeko oinarrizko iturria, beraz, ahozkoa da. Baina txori izenak biltzen dituzten ehun bat liburu, artikulu eta hiztegi ere landu eta aztertu ditu Sarasuak, ahozkoekin alderatu ahal izateko. Azaldu duenez, elkarrizketa horietan nabarmen ikusten da, beste alor lexikalean ez bezala (ugaztunak, anfibioak, perretxikoak, baserriko tresnak eta abar), hegaztien inguruan jasotako hitz gehienak euskara batutik urrun daudela, eta askotan hiztegietatik kanpo.

Hortaz, txorien idatzizko izenak eta ahozkoak bat datozen ala ez aztertzea interesatzen zaio Sarasuari. Izan ere, norbaitek txori izen bat sartzen duenean hiztegian, izen hori hedatu eta nagusitu egiten da gainerako liburu eta hiztegietan. Baina sarri gertatzen da, hitza idatziz zabaldu arren, ez dela ahoz erabiltzen. Horrez gain, herri batetik bestera izen oso ezberdinak eduki ditzakete hegaztiek, txori bakar batek dozena bat izen jaso dezake.

Anas crecca izeneko hegazti espezieari, esaterako, ‘ahatettipi’ esaten zaio Zuberoan, ‘ahatetxiki’ Urola Kostaldean, Gorbeia inguruetan, Goierrin eta Bidasoa Garaian. Donostialdean, aldiz, ‘txertxeta’ deitzen diote hegazti berari, eta ‘zertzeta’ erabiltzen dute Durangaldean, Debagoienan, Debabarrenan, Lea Artibain, Arratia Nerbioin, Gorbeia inguruetan, Goierrin, Gernika-Bermeon, Urola Kostaldean, Hego Lapurdiko Hirigunean, Tolosaldean eta Plentzia-Mungian.

Txoriak.eus egitasmoaren bitartez, hegaztien izendegia jaso eta berreskuratu nahi du Sarasuak. Izan ere, galzorian dagoen ondarea dela uste du: “Alor semantiko zinez aberatsa da hegaztiena, eta gazteen artean erabat galzorian dago, transmisioa etenda eta estandarreko formak erabat nagusituta”.


ASTEKARIA
2017ko otsailaren 19a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Ez da zapalkuntza? Orduan, asimilazioa

Hezkidetzarekin lotutako proiektuak koordinatzeko lankideekiko bilera batean, mutiko batek ikaskide neska bati irain matxista bota diolako gertakaria kontatu zuen irakasle batek, zalantza sortu zitzaiolako egoki jokatu ote zuen, eta gure artean hausnarketa interesgarria sortu... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


2024-04-17 | Garabide
Manuel Lekuona saria jaso du Iñaki Martinez de Lunak

Euskal komunitateari egindako ekarpena aitortzen dion saria jaso du Garabideren lehendakari den soziolinguista arabarrak.


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude