Arabako euskalgintza

Lehen aldiz elkartu dira zazpi kuadrillatako euskaltzale gazteak

  • 60 arabar gazte euskaltzale elkartu ziren urtarrilaren 28an Gasteizen. Topaguneak zirikatzaile lana egin zuen, elkar ezagutzen ez zuten euskaltzaleek topo egin zezaten. Helburua xumea zen, elkartzea eta gozatzea. Añanakoak salbu, gainerako kuadrilla guztietako ordezkariak izan ziren.

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2017ko otsailaren 12a
Goizeko saioetan eta gaztetxeko bazkarian 60 lagun elkartu ziren. Arratsaldean, kontzertuen aitzakian jende gehiago gerturatu zen. Argazkia: Topagunea.
Goizeko saioetan eta gaztetxeko bazkarian 60 lagun elkartu ziren. Arratsaldean, kontzertuen aitzakian jende gehiago gerturatu zen. Argazkia: Topagunea.

Unai Viana Topagunekoa da, Gorbeialdeko Mintzalaguneko koordinatzailea. Izarran (Urkabustaiz) bizi da eta Topaguneko langilea izateaz gain gazte mugimenduetako saltsetan dabil. Vianak hanka bat batean eta bestea bestean izateak lagundu du antolaketa. Topaguneak Gasteizko egun-pasa babestu zuen eta Viana eta bi-hiru lagunen bidez, poliki-poliki, Araba osoko gazteen erreferentziak bildu eta haiei amua botatzen ibili ziren.

Urtarrilaren 28ko goizean, Arabako txoko guztietatik joandako gazteek haien herrietan euskara bultzatzeko egiten dituzten ekintzak aurkeztu zituzten. Ondoren, mintzodromoa egin zuten. Hori guztia Oihaneder Euskararen Etxean. Tripa zorriak isiltzera alboan dagoen gaztetxera joan ziren, eta tabernako barrari eta musikari esker egun-pasa luzatu zen.

Oihaneder Euskararen Etxean. Argazkia: Topagunea.

Unai Vianak adierazi digunez, helburu nagusia gazteak elkartzea eta elkarren berri izatea zen. Ez zuten asmo handirik irudikatu, ezta etorkizunera begirako planik egin ere. Abentura moduan definitu du urtarrilaren 28koa: “Helburu finkorik ez genuenez, ez geneukan ezer galtzeko, beraz beldurrik ere ez. Ondo ateratzen bazen ederki eta gaizki ateratzen bazen, bada kito”. Oso pozik dira antolatzaileak, uste baino jende gehiago, giro polita eta taldeen aurkezpen interesgarri eta alaiak izan zirelako.

Araban herriak oso txikiak dira eta euskalgintzan ofizialki ezagutzen ditugun euskara elkarte modukoak gutxi daude. Geu elkartekoak, Oihaneder Euskararen Etxekoak, Zizta Euskara Taldekoak eta Euskharan Kultur Elkartekoak joan ziren izen horren pean, nolabait esatearren. Gainerakoan, gazte mugimendu eta gazte asanbladatakoak, eta gazte taldetako kideak bildu ziren. Institutuetako euskara batzordeetako kideak ere joan ziren haien berri ematera. 60 euskaltzaleak kontuan hartuta, gutxi ziren 25 urtetik gorakoak. Vianak pena bat dauka, Añana kuadrillatik inor agertu ez izana. Hurrengo aldirik bada, erronketako bat horixe izango da, Añanako gazteei “inbidia” ematea.

Ezer baino lehen, gozatu

Gasteizko topaketek dibertigarriak izatea garrantzitsua zela azpimarratu du Vianak. Gozatzea erdigunean jarri izana azaltzeko eskatu diogu: “Denetarik behar dugu, momentu batzuetan modu serioak behar dira lanerako. Topaketa berriz, espresuki egin dugu jendea hurbilarazteko, gustura egoteko, gazteok geure indarra sentitzeko. Ez genuen inor beldurtu edo lokartu nahi. Jendea lasai etortzea nahi genuen, inolako konpromisorik gabe”.

Gazteak gaztetxean bazkalondoren. Argazkia: Topagunea.

Topaketek izenburua zuten: Arabarra, gaztea eta euskaltzalea. Bai, eta zer? Norbait zirikatzeko erabili duten izenburu hori galdetu diogu Izarrako gazteari: “Harrotasun puntua erakutsi nahi genuen. Gu harro gaude arabarrak izateaz, baina badirudi kanpotik Araba ez dela horrenbeste lotzen euskararekin edo euskaltzaletasunarekin. Urteak dira errealitatea aldatzen ari dela, guk, arabarrok, ikusten dugu aldaketa, eta askotan galdetzen dut nola ez duzuen kanpotik aldaketa sumatzen. Dena dela, izenburua ez da inori ezer aurpegiratzeko, zirika sanoa baino ez da”.

Urtarrilaren 28a eta gero zer?

Balorazioen garaia da. Topaguneak berea egin beharko du, eta Gasteizen elkartu ziren 60 lagunek ere bai. Hala ere, Vianaren lehen kolpeko balorazioa oso ona da eta aurrera begira zerbait egiteko modua sumatzen du. Duela hilabete batzuk ez bezala, Arabako kuadrilletako gazteen telefono zenbaki ugari du orain.  Elkar ezagutu dute. “Pauso handia eman dugu, topaketa egin dugu, orain pauso txikiak ematen hastea ederra litzateke. Ezin dugu giroa hozten utzi” .

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Euskara Araban  |  Topagunea

Euskara Araban kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude