2008an eman zuten Luisja Oregi Iñurrietak eta bere familiak herritik baserrirako saltoa. 70eko hamarkadaz geroztik hutsik zeraman Beizamako (Gipuzkoa) Urkizahar baserrian instalatu, eta txakolin ekologikoa ekoizteari ekin zion Oregik. “Gure helburua ez da inoiz izan modu industrialean ekoiztea, baizik baserriari zentzua ematea eta gaur egun oraindik bertatik bizitzea posible dela gure buruei erakustea”, dio ekoizleak.
2012an atera zuten Urkizahar izenarekin aurreneko txakolin txanda. Oraindik azpiegiturarik ez zutenez, Getariako upategi batera eramaten zuen mahatsa familiak, bertan prentsatzeko eta upeletan gordetzeko. “Marka gurea zen, eta txakolina ere bai, baina beste baten upategian egiten zen elaborazioa”.
Hasieran beldurrez baziren ere, urte hauetako ibilbidean beren txakolin ekologikoa merkatuan onartua izan dela ikusi dute: “Beste txakolinetatik ezberdina da, beste zapore batzuk ditu. Ez dakit ekologikoan ekoizteagatik, lurrarengatik, tokiagatik edo guzti horregatik den”. Emaitza onak ikusita, inbertsioa egiteko erabakia hartu dute: Upategi propioa sortu dute baserrian. Aurten aterako duten txakolina prozesu osoan Urkizaharren egina izanen da, hasieratik bukaerara.
Mahastiak modu ekologikoan lantzean, Urkizaharrekoek badakite beste txakolindegiek baino gutxiago ekoizten dutela. Eskulan gehiago eskatzen du eredu horrek, Oregiren arabera. “Konbentzionalean ere eskulan handia dago, baina pentsa lurrean herbizidarik botatzen ez duzun momentutik, belarra eskuz mozteak dakarren lana”. Pestizida eta produktu kimikoen erabilpenarekin sortzen den kutsadura ekidin egin nahi du Oregik, ordea: “Gauza garbi bat egin nahi nuen nik, garai batean egiten zen bezala”.
Getariako Txakolina izendapeneko mahastirik txikiena (eta altuena) du Urkizaharrek, 2,5 ha-ko azalerarekin. Ekologikoan ekoizten duen Olaberriako beste txakolindegi bat ezagutzen du Oregik, eta Getarian mahasti txiki batzuk ere bai. Gutxi dira oraindik eredu horretan ari direnak, hala ere.
“Esfortzu handia ari gara egiten, eta gero ez da behar bezainbeste eskertzen eta baloratzen”. Oregik kontatu digu askotan kanpoan gehiago estimatzen direla produktu hauek hemen bertan baino. “Ez daukagu ekologikoan ekoiztearen garrantziaz kontzientzia nahikoa, oraindik”.
Badago zer egina zentzu horretan, ekoizlearen ustez. “Denborarekin konturatuko gara noizbait atzera buelta egin beharra dugula”.