ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 07a

Londresko mezulari prekarioek kosk egin diote ugazaben eskuari

  • Londresko lan auzitegiak arrazoi eman dio Maggie Dewhurst mezulariari:  enpresari autonomotzat tratatzeko orde, CitySprint konpainiak langile kontratua egin behar dio eskubide guztiekin, opor egunak, gaixotasunagatiko lan uzteak eta Britainia Handiko beharginen gutxieneko soldata. Neoliberalek denetan indartu duten 'Gig Economy' famatuaren arrakasta zertan datzan erakutsi du Dewhurst egoskorrak.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2017ko urtarrilaren 29a
IWGB sindikatuaren argazkian, Maggie Dewhurst –eskuinean– beste hiru lankiderekin 2015ean antolatutako protesta ekintza batean. Pankartak dio: “Oinarrizko enplegu eskubideen alde borrokan“. IWGBk salatzen du 2008an krisia lehertuz geroztik Britainia Handi

Carlos Trenor Donostiako abokatu laboralista ezagunak –hala zen Garzón epaileak Egin aferarekin preso sartu aurretik, hala segitzen du irtendakoan– elkarrizketa batean deklaratu berri du langileen borrokaz: “Pertsonalki, pentsatzen dut saiatu behar dela antolatzen prekariatua, baina hori sindikatuek ezin dute egin, ez daude horretarako prestatuta. Nola sortuko den? Prekarioek pentsatu behar dute hori“. Pentsatzeaz gain borrokan ere hasita daude.

29 urteko mezulari ingeles xume batek, Londres bizikletaz posta eta pakete txikiak banatuz zeharkatzen duen Maggie Dewhurstek bataila bat irabazi dio lana ematen dion CitySprint konpainiari. “Zoratzen nago –deklaratu dio BBCri– auzitegiak nire alde ebatzi eta horrela aurrekari legal eta morala ezarri duelako antzeko eskariak dauzkaten besteentzako”.

Hiri handietan banaketa lanak bizikletaz burutzen dituzten jendeok exotiko egiten zaizkigu metropolietan bizi ez garenoi, agian ekologia eta iraunkortasun irudiekin lotzen ditugu, gazte kirolzale informaletatik hurbilagoko irudia ere ematen dutelako. Ez gara oraindik ohartu ekonomia berriaren behargin prekarioak direla, pizzak motorrez banatzen dituzten edo taxi lanak Uberren mende burutzen dituztenen pareko. 2008ko krisitzarraren barruan lehenbiziko kimu berdeek sortutako enpleguak, miseriaz ordainduak.

Bi urte eman ditu CitySprintekin Maggie Dewhurstek, lan egin eta kobratuz  kontrata pribatu edo autonomo balitz moduan. Alegia, hornitzaile bat bailitzan, eguneroko ogia saltzen digun okina legez. Baina berak auzitegian salatu du benetan konpainiaren langile ari dela, egun osoa ematen dutela enpresatik agindutakoa betetzen, zer egin, nola eta noiz, haien kontrolpean osorik, mezulariak ez direla enpresa txikiz osatutako mosaiko bat, horregatik zor zaizkiela edozein langileri bezala gutxieneko soldata eta beste eskubide guztiak.

Red Pepper aldizkariak bildu ditu Dewhursten iritziak “Bike courier Maggie Dewhurst takes on the gig economy… and wins“ kronikan: “Jaten ematen dizun eskuari kosk egin behar diozu baldin eta nahi baduzu gauzak aldatzea, zeren nagusiek beren buruari askoz gehiago ematen baitiote jateko. Geuk subentzionatzen ditugu nagusiak, erabat. Dena geuk pagatzen dugu, bizikletaren kostua, piezak, mantenua, lana... dena. Telefonoa ere nire kontu doa. Lan egin ahal izateko kostu guztiak nire gain hartu behar ditut. Konpainiak dio nik nire negozioa daukadala. Nik diot ezetz: derrigortzen nauzue nire gain hartzera zuen negozioaren funtzionamendu kostuak”.

Gaur bizikletaz mezulari ari den emakume gaztea unibertsitatean lizentziatu zen justu finantzen krisia lehertu zenean eta bere begiz ikusi du lan merkatua deitzen duten hori hondatzen, nola galtzen ziren gaur begiratuta hobeak ziren lanpostuak haien ordez askoz baldintza kaskarragokoak ezartzeko. “Ez badugu zerbait egiten, ohiko estandarra bilakatuko da milaka langile edukitzea ordenagailuz kontrolatuta, smartphonez jarraitu eta kontrolatuta, inongo langile eskubideren jabe izan gabe”.

Txirrindularia versus 'Gig Economy'

Britainia Handia da Europako txapeldun krisi garaiotan zabaldu den gig economy delakoan, Uberren eredua orokortu nahi duen horretan. Gero eta lanbide gehiago harrapatzen ditu, gainera; berrikitan hotelen jabeek aipatu dute garbiketako kostuak jaisteko lehengo langileak kaleratu berri autonomoekin hastea. Baina Dewhurst bizi den mundua, auto-enpleguan ari diren langileena, lurpean ezkutatuta bezala dago politikari eta ekonomialarientzako, apenas ikertu den.

(ReelNews kanalak bideo honetan azaldu du CitySprinteko mezularien gatazka).

Legedi gero eta neoliberalagoaren arabera, langileak beren buruaren enpresa bihurtuz askatasuna irabazten dute, ustez negozio txarrei ezezkoa eman eta lan batzuk azpikontratatzeko erraztasunak eskuratuz. Dewhurstek epaileari erakutsi dio CitySprintekin daukan harremana ez doala hortik. Konpainiaren uniformez janzten da, goizero deitu behar dio kontrolatzaileari, soinean daraman tresna elektronikoak esaten dio gauza bat entregatutakoan hurrengoa nori nora eraman. “Asteroko 50 ordutan CitySprintek esaten dit zer egin”.

Lanean hanka sartuz gero kanporatu dezakete. Nahiko arin mugitzen ez bada ere bai. Kobratu gabeko jai egun bat hartzeko ere kontrolatzailearen baimena behar du. Istripua edo gaixotasuna gertatuz gero, kalera joan daiteke.

Dewhurstek parte hartzen du IWGB Britainia Handiko Langile Independienteen sindikatuan. 2012an sortu zen sindikatu txiki hau, UNITE sindikatu handitik irtenda Garbiketa Sektorea osatzen zutenak. Laster elkartu zitzaizkien Londresko Unibertsitateko langile azpikontratatuak, haiek ere beren sindikatutik alde eginda. Urteotan hiru adar gehiagoz osatu dute IWGB: segurtasun pribatuko guardiak, mezulari eta logistikakoak, eta zainketa lanetan ari direnak.

“Sindikatu independentea gara –dio IWGBk aurkezpenean–, borondatezko elkarte bat soilik langileen interesen alde borrokatzen diren langilez osatua. Ez gara ‘elkarlanean’ ari nagusiekin, ez gaituzte kontrolatzen burokratek, ez diegu plazer egiten politikariei. Ez gara aseguru konpainia bat, sindikatua gure bazkideak dira, gure ordezkariak zu bezalako langileak dira. Denok daukagu gure rola. Elkarrekin egiten dugu lan elkarri laguntzeko. Langile klasearen indarra eraiki behar dugu konpainia handiek eta korporazioek zanpatu ez gaitzaten indibiduo gisa”.

Dio IWGBren mezulari eta logistikako langileen sailak, premiazkoa dela soldaten igoera lortzea, konpainia askok ez dizkietela jornalak igo langileei azken 20 urteotan, sarritan jaitsi ere bai. Autonomo moduan fakturatzen dutenez, konpainien tarifak hobetzea dute lehen helburua, baina horrekin batera laneko eskubide eta babesak hobetzea ere bai.

Londresko bizikletazko mezulariek lehenbiziko protesta deigarria 2015eko udan egin zuten. Aurretik IWGBko garbiketa ataleko langileek, emakumezko hegoamerikarrak gehienak, “3 cosas“ kanpaina arrakastatsua burutu zuten, beren konpainietatik lortzeko hiru eskubide –horregatik gaztelaniazko izena– oinarrizko: nagusiek ordaintzea gaixotasunagatiko egunak, oporrak eta erretiro  kotizazioak. Askoz konplikatuagoa izan da mobilizatzea eta sindikatuan biltzea mezulariak, aspalditik autonomo kultura barneratua baitaukate.

Londresko gatazkak aurrez-aurre jarri ditu behargin prekarioz osatutako sindikatu txiki bat eta urtean 1.700 milioi libra fakturatzen dituen sektorea. Epaileak ebazpenaren 64. atalean dio nabari dela “kontratuak prestatu dituela abokatu armada batek”. Etsai handi samarra txirrindulari prekarioentzako.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Prekarietatea  |  Neokolonialismoa

Prekarietatea kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2017ko urtarrilaren 29a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude