ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 15a
ARGIA.eus

Historiako emaitzarik onenen urtean, Jaurlaritzak laguntza jaitsi dio ARGIA.eus-i

  • Interneten euskara sustatzeko egiten dugun lanagatik 17.444 euro ematea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Lau urtean erdira jaitsi du herri ekimenetik sortutako eta funtzio publikoa betetzen duen proiektu honi eusteko egiten duen ekarpena Interneten. Gainera, hiru urtetarako izoztu du kopurua. Diru-laguntzen deialdiko aurtengo berrikuntza hori baita, Jaurlaritzak hiru urtetarako finkatu dituela zifrak. Aldiz, 2016an inoizko daturik onenak izan ditugu Interneten. Bai Argia.eus webgunean, baita sare sozialetan ere.

ARGIA @argia
2017ko urtarrilaren 22a
ARGIA.eus-ek Eusko Jaurlaritzatik jaso duen diru-laguntzen eboluzioa. Lau urtean erdia jasotzera igaro da.
ARGIA.eus-ek Eusko Jaurlaritzatik jaso duen diru-laguntzen eboluzioa. Lau urtean erdia jasotzera igaro da.

Eusko Jaurlaritzak ARGIA.eus proiektuari ematen dion diru-laguntza, azken urteetako baxuena izango da, lau urtean erdira jaitsiz, grafiko nagusian ikus daitekeenez.

Are mingarriagoa da Eusko Jaurlaritzaren ebazpena, Euskal Herriko beste hedabide batzuei euskararen alorrean eman dizkien diru-laguntzekin konparatzen badugu. Euskarazko diru laguntzetatik ARGIA.eus-i 17.444 euro eta Vocentori 176.600 euro emango baitizkio.

Azpian ikus daitezke Eusko Jaurlaritzak Interneten euskararen partidatik ematen dituen diru laguntzetako batzuk.

Interneten euskara sustatzeko partidatik Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntza batzuk.

Webguneak euskara hutsean egiten ditugun hedabideok baino diru gehiago jasotzen dute euskarazko diru-laguntzetatik egunean albiste batzuk euskaraz egin arren, nagusiki gaztelaniaz diren bik, besteak beste. Kuantitatiboki bakarrik ez dago albisteetan aldea, kualitatiboki ere, nagusiki gazteleraz diren hedabideek euskaraz ematen dituzten albisteak oso urrun daude gai “garrantzitsuenak” izatetik. Hau al da Txantxangorriaren euskara politika?

Konparazio bat egitera, El Diario Vasco eta El Correori 86.600 eta 87.000 euro eman dizkiete hurrenez hurren. El Diario Vascok egunean hiru albiste sareratu ditu abenduan euskaraz bataz beste, “Zabalik” azpi atalean; El Correok lau-bost “Zurekin” azpi-atalean.

Zein irizpiderekin justifikatzen da diru publikoa banatzerakoan egiten den politika hau? Nola ulertu behar da arpa-jotzea dela ez sentitzeko?

Honi gehitu behar zaio, instituzio publikoetatik hedabideetan jartzen den publizitatea. 2013. urtean, Iñigo Urkullu buru duen Gobernuak 5.649.112 euro gastatu zituen publizitatean eta diru horren %98 gaztelaniazko hedabideetan jarri zuen, eta %2 euskarazkoetan, Hekimen elkarteak eskatuta Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera. Publizitatea ere bada hizkuntz politika, eta oso eraginkorra gainera.

Komunitateari esker sareko apostuarekin jarraituko dugu

ARGIAn, gu baino diru gehiago jasotzen duten hedabide batzuek ez bezala, eduki guztiak euskaraz sortzen ditugu, dena sarean doan kontsultagai jarriz. Gure edukiek ez dute ez klik mugarik ez giltzarraporik, eta egunero sortzen dugun materiala Creative Commons lizentzia librearekin zabaltzen dugu, edonork erabiltzeko moduan iturria aipatuz gero. Gure lana euskal komunitatearena da literalki.

Sinesten dugu Interneten, kazetari bezala ematen dizkigun aukerengatik, eta baita euskaldun bezala egin dezakegunagatik ere. Euskaraz bizi nahi dugunok Interneten leku duina merezi dugu, eta ARGIAn buru belarri jarraitzeko asmoa dugu horretan. Bidezkoa ez ezik, zentzukoa da denon dirua kudeatzen dutenei maila bereko apostu politikoa eskatzea.

Edukien interesgarritasuna aztertzen badugu, eta euskaldunok sarean partekatzen ditugun edukiei buruz UMAP tresnan oinarritutako ikerketa aintzat hartuta, harrotasunez esan dezakegu ARGIA dela bigarren partekatuena, eta URL bakoitzeko txio gehien dituena, “interes ratio” altuenarekin.

Eusko Jaurlaritzak Interneten ematen dituen diru-laguntzak banatzeko irizpideetan ez da horrelako aldagairik kontutan hartzen. Guk informazioa zabaltzeko herritarren kontsumo logikari jarraitzea hobesten dugu, kontsumo ohitura horietan sare sozialek pisu handia dute eta sare sozialetan ARGIAren erreferentzialtasuna indartzea hobesten dugu, klikak etengabe ARGIA.eus-era birbidali beharrean. Horrek dakar Jaurlaritzak gure irismena dena baino txikiago kontatzea. Hala ere, bide honetan jarraituko dugu, errealitatea euskalduntzeko eraginkortasuna eta ahalik gehien iristea direlako gure helburuak, Jaurlaritzaren neurgailuetara egokitzea baino.

2016ko datuak Interneten

ARGIAri interneteko diru-laguntza murriztea eta hiru urtetarako izoztea ez dator bat Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak banatzeko orduan kontutan hartzen omen dituen irizpideekin. ARGIA Google Analyticsen arabera, bisita kopuruetan eta orri zerbitzatuetan hazten doa, bi urtean %30 egin dute gora bisitek 1.423.976 kopurura helduz, eta orri zerbitzatuek %20,22 egin dute gora, 2016an 2.802.015 orri zerbitzaturekin.

Honi sare sozialetako trafikoa gehitu behar zaio: Twitter, Youtube eta kontu pertsonalak albo batera utziz, Facebooken bataz beste, egunean 18.257 pertsonako komunitate bat osatu dugu 2016an. Aurreko urtean (12.362) baino %47,7 gehiago. Gurea bezalako hedabide txiki batentzat datu hauek izugarriak badira, are pozgarriago dira egun zehatz batzuetan lortu ditugun emaitzak.

2016ko urtarrilaren 10ean, euskal preso politikoen giza eskubideen aldeko manifestazioaren eguneko jarraipena, argazki eta bideoak batez ere, 161.000 lagunengana iritsi ziren Facebooken. Irismenari hainbeste garrantzi ematekotan, ez dugu ulertzen datu hauek nola ez diren baloratzen.

2016a izan da ARGIA bere historian jende gehienarengana iritsi den urtea, bai aldizkariaren, bai webgunearen, baita sare sozialen bidez ere.

Hedabideon funtzio aitortu gabea

Gainontzeko euskal hedabideak bezala, honetan ari gara gu ere: Hiztun komunitatearen behar bati erantzuten, hizkuntzari prestigioa ematen, informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzen, kultura sortzen eta sustatzen, hizkuntza bera berritzen...

Sarean beste hiru funtzio nagusi ere betetzen ditugu, aipatutakoez gain. Batetik, etengabe sortzen goazen altxorra bildu eta denentzat eskuragarri jartzea: horren adibide, esaterako, Euskal Herriko multimedia biltoki zabalena osatzen ari garela argia.eus-en, non ia 2.000 lan dauden gordeta. Bigarrenik, euskarazko komunitatea elikatzea: horren adibide da argia.eus-en kazetariok sortzen dugun edukia eta blog komunitate aktibo eta interesgarriko kideek sortzen dutena. Eta hirugarrenik, Euskal Herriaren berri bitartekaririk gabe nazioartean zabaltzea: horren adibide da bi astetik behin berritzen dugun Argia English kanala edo orain bi urte Korrikari eta euskarari buruzko erreportaje bat 40 hizkuntzatara itzuli eta zabaldu izana parekorik ez duen auzolan erraldoian...

Eusko Jaurlaritza ARGIAren webgunearen garapena oztopatzen ari da urtean 17.444 euro bakarrik emanda eta aldi berean lehiakortasunean eragiten du euskaraz ez diren beste hedabide batzuek euskarazko diru laguntzez eta publizitate saldoz ornitu behar baditu hurrengo hiru urteetan.

Uste dugu diru-laguntzen ebazpen hau ez dela justua. Hekimen euskal hedabideen elkarteak hasieratik salatu zuen sektorearekin adostu gabe aldatu dituela Jaurlaritzak diru-laguntzak emateko irizpideak eta horietan oinarritu dituela hedabide bakoitzari eman beharreko kopuruak. Hekimenek azaldu du datozen urteetarako laguntzak horrela banatzeak proiektu berriak sortzeari “ateak ixten” dizkiola euskal hedabideen sektorean. Ez dugu instituzioetatik sortutako lehia artifizialik nahi hedabide lokal eta nazionalen artean. Hizkuntzaren normalizazioan eragiteko, argi dago: hedabide lokalak eta nazionalak dira beharrezkoak, eta erakunde publikoetatik hauetara bideratzen den diru poltsa handitu beharra dago. Ez dago dudarik, euskarazko hedabideok gehiago jaso behar dugu.

Guzti honen aurrean, ebazpen injustu hau salatu eta komunitateari honen berri eman nahi genion. Txikitik eragiten jarraitzeko asmoz, proiektu hau sostengatzen dutenei esker berezia eman nahi die lantaldeak. Proiektua denon artean eusten dugu, eta diru laguntzak txikituz gero, proiektua bideragarri egiteko egin beharreko orekek denoi eragiten digute. ARGIA proiektu gisa eusten dugun guztiok jaso dugu murrizketa.  

Indartu dezagun indartzen gaituena

Horregatik, ARGIA estimatzen baduzu eta oraindik ez baduzu pausoa eman, une aproposa da ARGIAkoa egiteko. Elkartasunaren ideia praktikatzen dugu: zuk ahal duzuna jarri eta egoki ikusten duzuna jaso. Zenbat eta kide gehiago izan orduan eta ahalmen handiagoa izango dugu komunitate gisa. Tresna hauek mantendu eta garatu ahal izateko. Zenbat eta gehiago izan, txikitik eragiten jarraitzeko indar handiagoa izango dugu denok.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Hizkuntza politika  |  Euskalgintza  |  Eusko Jaurlaritza  |  ARGIA

Hizkuntza politika kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2017ko urtarrilaren 22a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude